Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Otsailaren 19a

Ongi jan eta mugitu, hori da jokoa! - Kaskarotak - Mus zoingehiagoka eta behi lasterrak - Korrika kulturala - Xare masterra - Zanpantzar

Ongi jan eta mugitu, hori da jokoa!

Herriko sozial zentroak 55 urtez goiti dituzten guzieri idekiak diren tailerrak apailatzen ditu astearte oroz martxoaren 3tik apirilaren 21a arte (14:00-16:00), Elgar zentroan. Nola egin osagarria eta plazera batzeko, bizimoldea sanotzeko, xahutzeak ttipitzeko eta bakotxaren bizimoldeak trukatzeko... horiek dira elgarretaratze horien gaiak. Izenak eman lehenbailehen Sozial Zentrora.

Kaskarotak

Hegalka taldekoak oraino ibiliko dira, aldi huntan hiri erdian, otsailaren 22an igandez. Haritz Barne aldetik abiaturik karrikak alaituko dituzte, Ogi Bihia okindegian geldialdia eginen eta goiza eliza aitzinean bukatuko dute.

Mus zoingehiagoka eta behi lasterrak

Jauzika batasunak du mus zoingehiagoka hau antolatzen igande arratsaldean (22an) Mendeala gelan. Izenaren emaiteko 14:00etarik goiti jin beharko da, zoingehiagoka bera 15:00etan hasiko baita. Irabazleek 500€ ukanen dituzte eta finalistek 250€. Beste zernahi gauza izanen da ere beste jokolariendako eta jan eta edaten ahalko da han berean.

Arratsalde hortan berean behi lasterrak iraganen dira karrikan. Kokarda zoingehiagoka deitua dute

Los Ninos elkarteko antolatzaileek. Hamasei urte arte kitorik da, jateko eta edateko moldea izanen delarik.

Korrika kulturala

- Noka eta toka: joan den urtarrilaren 21ean Hazparneko Gau Eskolak noka eta toka ikasteko eta aritzeko tailerra antolatu zuen Xuriatean. Hogeita bost lagun bildu ziren toka-nokaren oinarriak lantzeko eta hainbat gairen inguruan solastatzeko. Ekitaldiak poz eta motibazio handia piztu zuen eta parte hartzaileek hitzordu gehiago ukaiteko nahia erakutsi zuten. Ondorioz hilabete bat berantago saio berria proposatzen da: otsailaren 25ean (18:00), beti Xuriatean. Hobe izena aitzinetik emaitea antolaketaren errexteko, bainan azken puntan heltzen dena ez da kanporatuko.

- Literatur maratoia: martxoaren 7an iraganen da (10:00), larunbatarekin. Iparraldeko literaturaz gozatzeko hiru hitzordu proposatuak dira, hiru gune desberdinetan. Lehena, Piarres Larzabalen “Bordaxuri” antzerkia, bihurgunez bihurgune, Mediatekan (10:00). Bigarrena, arratsalde askari poetikoa Maddi Sarasua, Txomin Heguy eta Pantxix Bidartekin Et’abarren (16:00). Azkena, pintxo pote literarioa Xuriatea ostatuan (19:00), Iparraldeko gaurko ipuin eta eleberri sortekin. Antton Castoreo, Txomin Heguy eta Janine Urruty izanen dira irakurleak, Maialen Alfaro eta Bixente Junca kantariak.

Xare masterra

Seigarren aldikoz, aste huntan, Berria trinketean iragaiten da Xare masterra. Astelehenaz geroztik egunero izan dira partidak eta ostiralean finalerdiak jokatuko dira (18:00). Finalak aldiz larunbatean jokatuko dira tenore berean.

Zanpantzar

Otsailaren 7an izigarrikeria gertatu da Hazparnen! Ihauteriak zirela eta, Zanpantzarrek Frantziako eskuin muturraren buru den Jordan Bardelaren itxura zuen! Eta erre dute!

Badakigu ohiduraz ihauteriak purgatzaile direla eta molde gordinean jujatu ondoan, Zanpantzar erretzen dela berpiztea gerta dadin.

Bainan aldi huntan batzuentzat gehiegi izan da; herraren mezua zabaldu dela diote azken Europako hauteskundeetan hautagai hori lehen ezarri zuten herritar batzuek. Haieri juntatuz kaseta eta sare sozialetan ber taldeko hautetsiak mintzatu dira. Baionako parketak inkesta ideki du...

Bon... agian prokuradoreak badu afera presatuagorik... eta delako jaun hori nahi ez dugun guziek, aski dugu kontra bozkatzerat joaitea orduan!

Email Facebook Twitter LinkedIn

3822. zbk

Gure Hitza | 2026/02/19

Hautesleak duen boterea

Menane Oxandabaratz

Herriko bozak hurbiltzen ari dira. Herriko Etxea bizitza demokratikoan funtsezkoa da. Edozein erakunde publiko izan: Estatua, Eskualdea, Departamendua, Euskal Elkargoa ala Herriko Etxea, garrantzitsuak dira. Haurtzaindegiek, eskolek, arta-etxeek, elkarteek… ongi ibiltzeko diru publiko laguntzak beharrezkoak dituzte eta azpiegitura publikoak ezinbestekoak dira.

Erakunde publikokoetako hautetsiek, izan ingurumenean, lurraren zaintzan, etxebizitzan eta sozial sailean, politika publikoak adostu behar dituzte. Ondoko belaunaldientzat erabaki arduratsuak hartzea beharrezkoa da.

Hartu norabide batzuekin ez delarik ados, erresistentzia mugimenduak sortzen dira. Kontrabotere herritar elkarteek manifestazioak eta desobedientzia ekintzak antolatzen dituzte. Kanboko Marieneko lur espekulazioaren inguruan den gatazka adibide ona da, mugimenduak eta sindikatuak proiektuaren kontra borrokatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016