Gure Hitza | 2023ko Ekainaren 01a

Egin izan ziren hutsak ez errepikatzea

Jean-Louis Harignordoquy

Sendagileak, medikuak, bedeziak eritasuna aurkitzea zerbait da, bainan ez aski. Haren gomendioak jende eriak osoki betetzen ez baldin baditu, ez du sendabiderik. Gauza bertsua erran ditaike hizkuntza kondu. Euskaltzaleok aspalditik predikatu ukan dugu nola jokatu euskara salbatzeko, bainan haizeak kontra-eskualdetik ufatzen zuen urte luzeetan, herritar frangorenganik entzunak izan gabe.

Zazpigarren inkesta soziolinguistikoak agerian eman ditu euskararen argi-ilunak eskualdeka. Goazen Ipar Euskal-Herria hunkitzen duten bizpahiru pundu nagusi azpimarratzera. Euskaratzaz deus guti dakitenen jende kopurua emendatu da; denbora berean, euskara erdararen heinean menperatzen dutenen kopurua apaldu delarik. Ondorioz, euskararen erabilpena beheitituz doa. Alabainan, zoin hizkuntzetan den trebeenik, maiz hura erabiltzeko hautua egiten baitu jendeak.

Ikastea eta erabiltzea elgarri lotuak dira. Hizkuntza ez dakienak ezin erabil, eta sekula erabiltzen ez duenari lehen ikasia ahanzten edo arrozten. Beraz, errexki erabiltzeko, lehenbiziko urratsa da hizkuntza ahal bezain ongi menperatzera heltzea. Gaurko burasoentzat argi eta garbi izan behar luke eskoletan euskarari zonbait oren baizik ez eskaintzea ez dela aperentziarik ere aski, beharrezko gaitasunera heltzeko. Oroz gainetik etxekoen artean euskara ez baldin bada hizkuntza nagusia. Behin betikoz, denok gogoan hartu behar ginuke haurrek ongi ikasteko molde bakarra murgiltze eredua dela, euskaraz erakasteari jarraipena emanez kolegioetan eta lizeoetan. Hots, Seaskak ideki bideari jarraikiz beste ikastetxeetan ere.

Betidanik euskararen gerizagune izan diren herri ttikietako egoera txartu da, berenaz euskaradun ziren jende asko zendu baitira eta erdaldunak sartu. Herri hauetako ikastetxeetan lehenagotik erakatsi izan balitz eta sukalde guzietan mintzatu, gazteak adinetakoak bezain aise euskaraz ariko ziren beren lanean eta ausagailuetan. Urte galduak ezin dira harrapa, bainan lehengo buraso gazte batzuk egin zituzten hutsak bederen ez ditezela errepika! Berriki arte, laborariek, ofizialeek, arrantzaleek, esku-langileek euskara zerabilaten beren eguneroko lanbidean. Ohidura eder hura ez litzateke ezin berreskuratua, bereziki jakinez oraingo osagarri zerbitzuetan eta bertze ofizio batzutan, hala nola informatikan, euskara bere lekua hartzen ari dela. Horrez gain, gertatzen da ikustea kanpotik jin gazte zonbait euskaraz mintzatzeko gogo handiarekin. Halakoei laguntza eta goresmenak zor dizkiegu.

Begiak idekiz eta gogoetatuz, oraino aski goiz da hemen gaindiko ustekeri makurren baztertzeko eta plegu txarren zuzentzeko. Ikasteko gutiziak eremanen gaitu liburuetara, hiztegietara, euskararekiko atxikimendura, euskalkieri interesatzera, beste euskaldunen ezagutzera eta herriak maitatzera.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3692. zbk

Gure Hitza | 2023/06/01

Egin izan ziren hutsak ez errepikatzea

Jean-Louis Harignordoquy

Sendagileak, medikuak, bedeziak eritasuna aurkitzea zerbait da, bainan ez aski. Haren gomendioak jende eriak osoki betetzen ez baldin baditu, ez du sendabiderik. Gauza bertsua erran ditaike hizkuntza kondu. Euskaltzaleok aspalditik predikatu ukan dugu nola jokatu euskara salbatzeko, bainan haizeak kontra-eskualdetik ufatzen zuen urte luzeetan, herritar frangorenganik entzunak izan gabe.

Zazpigarren inkesta soziolinguistikoak agerian eman ditu euskararen argi-ilunak eskualdeka. Goazen Ipar Euskal-Herria hunkitzen duten bizpahiru pundu nagusi azpimarratzera. Euskaratzaz deus guti dakitenen jende kopurua emendatu da; denbora berean, euskara erdararen heinean menperatzen dutenen kopurua apaldu delarik. Ondorioz, euskararen erabilpena beheitituz doa. Alabainan, zoin hizkuntzetan den trebeenik, maiz hura erabiltzeko hautua egiten baitu jendeak.

Ikastea eta erabiltzea elgarri lotuak dira....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016