Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Ekainaren 01a

Konfirmazionea - Suhiltzaileen eguna - Antzerki

Konfirmazionea%20-%20Suhiltzaileen%20eguna%20-%20Antzerki

Konfirmazionea igandean

Joan den asteko fedearen aitormenaren ondotik, igande huntan iraganen da Jondoni Bixintxo elizan parropiako 36 gazterentzat konfirmazionea. Sakramendua emana izanen zaiote Philippe Beitia diozesako zigiluzain den jaun apezarenganik. Izpiritu sainduak lagun ditzala gazteak bizi guzian.

Suhiltzaileen eguna

Larunbat huntan ekainaren 3an, suhiltzaileek arratsalde eta gau berezia antolatuko dute, Altzabeko bidean duten beren egoitzan. Eric Gazteluberry beren kidea zendu denetik, iragan irailaren 1ean, lehenbiziko ekitaldia dute molde hortan antolatzen. Haren lagunek aitortu didate ekitaldien antolaketan Eric egiazko zutabea zaukatela eta orain faltatzen zaiela. Biziaren itzuliak bestela nahi ukan baitu. Dena den arratsaldea hasiko da beren tresnerien erakusketarekin, presentatuko ere publikoari sokorritzaile moldeak. Pentsatzen dute ere bertan erakusgarri ukaitea Kanboko edo BAB-ko suhiltzaileen zurubi handia (Uztaritzek ez du holakorik). Pascal Coquel aitzindariak kudeatuko ditu horiek oro. Agian ikusliarrak, gazte ala heldu, interesatuko dira. Gero (18:00) entzunen da Josteta herriko gizon abesbatza, (21:00) Andoni Oilokiegiren kontzertua eta gaua bukatzeko dantzaldia ''Seb Podium la Castagne'' DJ-arekin. Arratsalde eta gau osoan, tokian berean, janari edariak segurtatuak izanen dira. Nornahik ukan dezake (eta hitz hunen egileak ongi badaki) egun batez edo bestez horien sokorrien beharra. Agian jendea bilduko da, horien lanaren sustengatzeko. Merezi dute.

Antzerki

Larunbat huntan Arruntzan Erdiko etxean Zortziko elkarteak eskaintzen du jada gibelatua izana zen ''Sexberdinak'' antzerkia (20:30). Bi jokolari dira taula gainean: Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta, taula zuzendari izanen delarik Mireia Gabilondo. Antzerkia bera Ttanttakaren obra bat da. Antzerkiaren mamia: bi gazte ezezagunak, bietarik bat elbarritua, lagun bilakatzen dira eta konplexurik gabe beren bizi afektibo sexuala azaltzen dute, doi bat umorez beztiturik. Antzerki bukaeran ikusliarrek aktoreekin mintzatzeko parada ukanen dute, trago bat edanez. Sartzea 5 euro. Ongi etorri deneri.

Erakusketa

Lizarratik datorren Iñaki Rifaterrak erakusketa ezarria du Uztaritzen tTok arte lekuan. Iñaki litografia lanetan aritua da, Artelekun. Uztaritzera ekarria duen erakusketa 10 urteren obrak dira (2012-2022), lema dela: ''Denboraren etxea'', Marakanbe proiektuaren adar grafikoa. Erakusketa joan den ortziralean estreinatua izan da eta ikus daiteke uztailaren 5a arte, segidako tenore hauetan: asteartetan (17:00-20:00), asteazkenetan (9:00-16:00) eta ostegunetan (15:00-18:00). Egin daiteke ere aitzinetik hitzordua hartuz. Seinalatua da ekainaren 8an hetsia egonen dela. Sartzea urririk. Ongi etorri deneri

San Mixel auzoan festa

''Amicale Saint Michel'' elkarteak antolatua du bere eguna, larunbat huntan, petanka zelaitxoan (15:00). Lehiaketaren azken kanporaketak eginen dira, finala jokatzea pentsatua da arratsaldeko zazpiak inguruan. Sari banaketaren ondotik aperitifa batek segituko du. Lagunarteko memento goxo bat pasatzeko galdegina da parte hartzaileri eta publikoari bakotxak ekar dezan jateko eta edateko zerbait, denen artean partekatuko direnak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3692. zbk

Gure Hitza | 2023/06/01

Egin izan ziren hutsak ez errepikatzea

Jean-Louis Harignordoquy

Sendagileak, medikuak, bedeziak eritasuna aurkitzea zerbait da, bainan ez aski. Haren gomendioak jende eriak osoki betetzen ez baldin baditu, ez du sendabiderik. Gauza bertsua erran ditaike hizkuntza kondu. Euskaltzaleok aspalditik predikatu ukan dugu nola jokatu euskara salbatzeko, bainan haizeak kontra-eskualdetik ufatzen zuen urte luzeetan, herritar frangorenganik entzunak izan gabe.

Zazpigarren inkesta soziolinguistikoak agerian eman ditu euskararen argi-ilunak eskualdeka. Goazen Ipar Euskal-Herria hunkitzen duten bizpahiru pundu nagusi azpimarratzera. Euskaratzaz deus guti dakitenen jende kopurua emendatu da; denbora berean, euskara erdararen heinean menperatzen dutenen kopurua apaldu delarik. Ondorioz, euskararen erabilpena beheitituz doa. Alabainan, zoin hizkuntzetan den trebeenik, maiz hura erabiltzeko hautua egiten baitu jendeak.

Ikastea eta erabiltzea elgarri lotuak dira....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016