Herriz Herri - Ziburu (L) | 2023ko Ekainaren 01a
Antxetaren gomita - "Haize arima". - Zokoako bestak
Antxetaren gomita
Larunbat huntan, ekainak 3, izanen da mugimendu Ziburuko plazan! Goizetik arrats, euskal liburu eta disko azoka berezia, laugarrena gisa hortan muntatzen dutela Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak, Herriko Etxearen laguntza baliosarekin. Aitzineko aldietan bezala, antxeta erne batek du deneri gomita luzatzen, jendea bil dadien azkarki, ziburutar eta kanpoko, denetarik, denak errotik atxikiak eta euskal kulturari. Hasteko, 10:00ak irian, Luzien Etxezaharreta eta Leire Lopez-Ziluaga mintzatuko dira literaturaz. Ondotik, Maddi Zubeldia eta Bernadette Luro txalotzen ahalko dira, haurrentzat muntatua duten ikusgarria eskainiko dutelarik. Handik landa, aurkeztuko da "No" komikia. Maite Idirin kantari guziz jeinutsua ere hor kausituko da. Erakusketa izanen da bestalde, euskal prentsa gai nagusi. Arratsaldean, aurkeztuko da besteak beste "Nostalgia ez da salgai" liburua, idazlea izanki Xan Idiart. Gisa berean "Bichta éder",Eneko Bidegain idazle maisuak plazaratua. Musikaldi zonbait bestalde, artista askoren lekukotasun argiekin. Izanen da ere jateko eta edateko, Kaskarotenea ikastolari esker. Itxura guzien arabera, biziki egun ederra eta sanoa behar ginuke!
"Haize arima".
"Haize Arima" elkarteari esker, Zokoako portuan, untsa ekitaldi pollita muntatua zuten joan den egunean. Itsas hegi hortan gaitzeko ibilaldi alegera eta kartsua, xokoz-xoko, ipuin gisako kondaketa batzuekin. Gidari, Maddi Zubeldia bere lagunekin. Haurrak loriatuak, segitzaileak ere ba. Astoak ere baziren eta astoak hor izaite hori haurrek anitz preziatu dute bistan da!
Zokoako bestak
Asteburuan dira Zokoako bestak. Larunbat arratsaldean, batteleku lehiaketa, euskal dantzak Luixaelkartearekin, meza (18:00) auzoaldeko elizan Altxa Zokoa kantari, indar-jokoak eta mutxikoak. Jatetxeak baitira lerroan, heien aitzinean, usaiako etxetto bereziak. Igandean aldiz, mus zoin-gehiagoka. Bainan parropiako gelan, anitzen gustuko egokiago izanen zelarik Zokoan berean egitea.











