Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Ekainaren 01a

Urruñarrak Ziburuko Liburu Azokan - "Papogorri" - Naturaren Besta - Zokoa auzoko Bestak - Baxurkok egin bertsuak

Urrunarrak%20Ziburuko%20Liburu%20Azokan%20-%20Papogorri%20-%20Naturaren%20Besta%20-%20Zokoa%20auzoko%20Bestak%20-%20Baxurkok%20egin%20bertsuak

Urruñarrak Ziburuko Liburu Azokan

Ekainaren 3an, larunbatarekin, Ziburuko Euskal Liburu Azoka izanen da eta dakigunez hauek izanen dira aipatu azokara urruñarrek eramanen dituzten ekoizpenak: Urrunaga elkarteak "Urruña" aldizkariaren 3. eta 4. zenbakiak eramateko asmoa du, Ekilore taldeak "Ekilore" izeneko diskoa, Joseba Aurkenerenak, Angeluko Zortziko argitaletxearekin, berriki plazaratu duen: "Xiberoa bihotzean eta gogoan" izeneko liburua eta Urruñako Antzerki Eskolak haurrendako plazaratu duen "Elenak badu anaia" izeneko ipuina. Horietaz gain, liburu azokaren egunean (10:30), Ixabe talde urruñarrak kontzertu laburra emanen du Ziburuko plazan. Talde honen hedatzailea: Maitakultura.

"Papogorri" haur kontaketa

Ekainaren 3an, larunbatarekin, "Papogorri" izeneko haurrendako euskarazko ipuin kontaketa izanen da Posta gelan (16:00). Kontalaria: Naia Robles-Arangiz, soinua eta argia: Oihan Delavigne, eszenografia: Francisco Dussourd eta eszena-laguntzailea: Maryse Urruti. Gaia: Oihan handi baten erdian bada txori bat kantari, biziki haserre dena, bere habian norbaitek arroltze handi bat ezarri duelako. Errudunaren xerka abiatuko da.

Naturaren Besta erlaitzean

Aurten, Naturaren besta maiatzaren 27an, larunbatarekin, izanen da (9:30-12:00), Laburreneko Plataforma Ekologikoak antolaturik. Sartzea kittorik. Plataforma hau trantsizio ekologikoaren alde engaiatu eta ekintzak bideratu nahi dituen herritar orori zuzendu erakustaldi eta formakuntza gunea da. Natura gune hauskorra den erlaitzaren ondare kudeaketaren karietara, Urruñako herriak eta Euskal Itsasbazterreko CPIE izeneko erakundeak, jarraipen zientifikoari, espezie exotiko inbaditzaileen kontrolari eta natur habitaten berrezartzeari begirako ekintzak garatzen ari dira esperimentazio gisa. Horretarakojarraipen naturalista egiten dute (intsektu polinizatzaileak, pinpirinak, narrastiak, txoriak...) eta praktika ekologiko egokiak (konposta, ereiteak, landaketak, mozketak...) Argibide gehiago nahi izanez gero, Euskal Itsasbazterreko CPIEarekin harremanetan sartu: 05-59-74-16-18.

Zokoa auzoko Bestak. As txapelketa

Ekainaren 4an, igandearekin, As Txapelketa izanen da Ziburuko Parrokiaren gelan. Izen-emateak tokian berean, 12 euro. Txapelketaren hasiera (15:00). Sariak: lehena 700 euro, bigarrena 300 euro. Jan-edatekoak tokian berean.

Selarua elkartearen erakusketa

Ekainaren 6tik 19ra zabalik izanen da Posta gelan, Selarua elkartearen margolan erakusketa. Sartzea urririk.

Ekaineko merkatuak herrian

Larunbatero, goizez, ohiko merkatua izanen da D. Soubelet plazan, elizaren aitzinean. Ekainean honako egunetan izanen dugu merkatua. 5ean, 10ean, 17an eta 24an.

Baxurkok Urruñari egin bertsuak

Euskal Telebistak herrian egin programak kalaka anitz ekarri ditu gurera. Batzuek Auskinen Bordako Jean Okelar ezagutu zuten baina "Urruña maitea" izeneko kantuaz nehor ez da oroitzen eta herritarrak galdezka ari dira. Horregatik, 1940an Joan Basurko Ansolak herriari egin lau bertsuak eta bukaera lerro hauetara ekartzea deliberatu dugu. Horratx: 1.- Hain maite nuen txokoa utzita, / heriotzaren ihesi, / oroigarri den egun batean, / Hendaian nitzan iritsi. / Jateko ogia, nire lanarekin, / nahi nuenez irabazi, / horretarako, baserriren bat, / bilatzen nitzan hasi... / Hala behar ta, Urruñaaldera, / hartu nuen lehendabizi. // 2.- Hantxe, Urruñan, bilatu nuen, / bihotz oneko jendea, / leku askotan saiatu arren, / ezin aurkitu hobea, / Urruñan bada elizarako, / sinesmen edo fedea, / lagun hurkoa goxo hartzea, / izanik jauna legea... / Urruñan batek zabaldu zidan, / bere etxeko atea. // 3.- Bihotz oneko nagusi harrek, / esan zidan berehala, / Jaun zerukoak nahi zuen arte, / hantxe biziko nintzala, / bera ere, lehendik, nire antzera, / gaizki ibilia zela, / aldi luzean, erdi gosean, / laguntzarik ez zuela, / eta anaia banintz bezala, / begiratuko zidala.// 4.- Hala bizitu nitzan luzaro, / Auskinen borda maitean, / lana eginez, goserik gabe, / osasuntsu ta bakean, / mezara joanez, zintzo herrira, / jaia iristen zenean, / lehenbailehen bake on bat Jaunari, / eskatuaz otoitzean. // Bukaera:Nahiz zoriontsu geroztik bizi, / Irungo nire etxean, / Urruñan ondo daukat, / buruan ta bihotzean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3692. zbk

Gure Hitza | 2023/06/01

Egin izan ziren hutsak ez errepikatzea

Jean-Louis Harignordoquy

Sendagileak, medikuak, bedeziak eritasuna aurkitzea zerbait da, bainan ez aski. Haren gomendioak jende eriak osoki betetzen ez baldin baditu, ez du sendabiderik. Gauza bertsua erran ditaike hizkuntza kondu. Euskaltzaleok aspalditik predikatu ukan dugu nola jokatu euskara salbatzeko, bainan haizeak kontra-eskualdetik ufatzen zuen urte luzeetan, herritar frangorenganik entzunak izan gabe.

Zazpigarren inkesta soziolinguistikoak agerian eman ditu euskararen argi-ilunak eskualdeka. Goazen Ipar Euskal-Herria hunkitzen duten bizpahiru pundu nagusi azpimarratzera. Euskaratzaz deus guti dakitenen jende kopurua emendatu da; denbora berean, euskara erdararen heinean menperatzen dutenen kopurua apaldu delarik. Ondorioz, euskararen erabilpena beheitituz doa. Alabainan, zoin hizkuntzetan den trebeenik, maiz hura erabiltzeko hautua egiten baitu jendeak.

Ikastea eta erabiltzea elgarri lotuak dira....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016