Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2023ko Ekainaren 01a
Amikuzeko ikastolaren lasterketa - Amikuze kolegioaren eta Zangozaren arteko trukaketa
Badu orain zenbait urte, Amikuzeko ikastolak ibilaldi bat antolatzen duela ekain erditsutan, haur eta heldueri elkartzeko aukera emaiteko, baita ere Amikuzeko eskualdeak hobeki ezagutzeko. Hastapenean, hitzordua Behaskaneko lakuan emana bazen, orain Donapaleuko merkatu estalian eginen da, heldu den igandean, ekainaren 11n.
Lehen ibilaldia goizeko 8:30etan abiatuko da, 15 km egiten ditu eta deneri idekia da. Bigarrena, 10 kilometroko lasterketa proposatua da, goizeko 10etan. Haurrendako ere lasterketa bat izanen da.
Ondotik jateko eta edateko aukera emana da, lekuan berean.
Izenak aitzinetik emaiten ahal dira pb-organisation.com sarean sartuz.
Amikuze kolegioaren eta Zangozaren arteko eskola trukaketa
Duela 30 urte Donapaleu eta Zangozaren artean abiatu zen trukaketak oraino segitzen du. Aurten bi herrietako 28 ikaslek parte hartu dute harreman hortan eta bakoitzak beste herriko berezitasunak aurkitu ditu. Aktibitate desberdinen artean mural bat sortu dute, Joan Miroren obran oinarritua.
Eskolen arteko trukada hunek hautetsien artekoa ongi osatzen du.











