Gogoa hazi | 2023ko Ekainaren 01a
Mespretxatuen mina
Maite Iratzoki
23 urte ditu gizon gazteak, munduan barna ezagutua, fama handikoa, Brasil-Espainol futbolaria, diruduna. Haren nigarrek hunkitu naute. Bere taldekideen erdian, zelaian, ezin izan ditu nigarrak atxiki.
Bertze jokolari anitz bezala, larru beltza duten kirolariek bezala, bere larruaren koloreagatik laidoztatua izan da. Futbol zelaian sartu aitzin, "ziminoa haiz, ziminoa haiz" errepikatzen eta kantatzen zuten hor ziren gizon gazteek. Eta jokolari ona izanagatik ere, golak sartzen dituelako, oihuak, laidoak, mehatxuak erori dira, euria jauts ahala isurtzen den bezala! Holako bortizkeria oldartzen denean bizkar biribila egiten da. Gizon gazte hori xutik egon da, nigarrak begian!
Vinicius Junior, deitzen duten bezala, ongi daki maitatua eta ohoratua dela jende anitzen partetik, bainan nola menperatu, nola jasan holako ezpata kolpea bihotzean? Nola entzun "ziminoa zarela" larrua beltza izanagatik? Nola jasan dezake pertsona batek nortasuna kentzea?
Mespretxua gero eta gehiago erabiltzen da. Mespretxuak kontsideratzen du pertsona bat ez dela gai kontsideratua izaitea. Gogoeta bat da beraz, gogoeta horrek bertzeari bere baitako duintasuna ezeztatzen du. Mespretxatzen duenak bertzea beheragokoa dela erranen du, horretarako, goi mailakotzat hartuko du bere burua.
Hierarkia hori nonahi aurkezten da eta batzuk edo hobeki erran, jende anitzek, uste dute naturala dela. Hierarkiak bere ona badu ordena publikoa ezartzeko, talde bat kudeatzeko, herrialde bat gidatzeko. Elkarrekin bizitzeak, kolektiboki bizitzeak baimendu eta onartuko du hierarkia, bainan bertzeak gutietsiz, pertsona batek bere buruari ematen dion nagusitasuna ez da berezko edo naturazko hierarkia. Hierarkia ordena bat da, antolaketa bat, bainan pertsonen duintasun berean. Ez da nagusitasunik ez gutiagotasunik giza izaeran.
Mespretxuak egiten dituen zauriak ez ditu diruak sendatuko, ez aberastasunak goxatuko, ez famak kenduko. Mespretxuak ez du gorputza zauritzen, bainan min handia egiten du psikologiari, pentsamenduari, arimari. Horiek ez dira ikusten gorputzeko begiekin, alta pertsona bere izaite sakonenean zauritua dago. Bizirik izaitea hobendun ere senti daiteke, ezin baitu aldatu bere izaera egiten duena. Mespretxua, suntsitzen duen pozoia da. Ezin da ezabatu, ezin da ahantzi. Ez daiteke beraz zinez sendatu. Pertsona mespretxatuak umiliazioa sentitzen du, batzuetan lotsa ere bai, eta berak kontsideratu dezake erran diotena egia dela, makur edo eskasia bat duela bere baitan.
Jende gehienek mespretxatua izanaren esperientzia badute. Zauri hori beren baitako parte da, eta horrekin bizitzen ikasi behar da. Ezin da bizi gero eta min handiagoa eginen duen zauriekin eta noiznahi, justifikaziorik gabe, atera daiteken batekin. Ideia da orbaintzea, indar iturri bertzelakatzea, aldatzea. Garenaz harro izaitea.
Mespretxatzen duten pertsonen jokaera ez daiteke aldatu, bat-batean bederen, bainan jokabide horren erreakzioa landua izan daiteke: emozioak eta oldarrak menperatu, gertatzen den egoerari buru egin, itzulinguruka ibili gabe, horiek oro adiskide eta Jainkoa lagun.
Zuri-Beltzek eite dute Euri xortek bezala kantatzen zuen Claude Nougaro abeslariak.










