Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2023ko Ekainaren 01a
Sortze - Izturitzeko merkatua
Sortze
Etxebehereko Sophie eta David Haramboure lorietan ditugu duela hamabost bat egun beren bigarren haurra sorturik. Ttarrotua den Mattin semearen ondotik, alaba jin zaiote Emilie izendatu duten maiatzeko lili pollita.
Goresmenak burasoeri, agiantza hoberenak sortu berriari.
Izturitzeko merkatua
Hau hitzordu berria dugu. Merkatua Artetxeko aitzinean eginen da, euria balitz gelan. Salgai izanen dira: barazki, esneki, etxe ogi, oilasko, arroltze eta beste, herriko edo hurbileko etxetako ekoizpenak. Ekoizleak aldizkatuko dira. Merkatua ostiral astiri guziz eginen da (18:00-19:30).
Merkatu handia hilabetean behin beharra da lekuko esku langileen parte hartzearekin, aldi bakoitz elkarte baten gain izanen den animazio bereziarekin. Beste ostiraletan merkatu ttipia, gauzak aitzinetik galdatzeko eta manatuak hartzeko.
Ekainaren 2an lehen merkatu handia izanen da, animazioa "Arberoako joaldunak" elkartearen esku.
Xabaltx musikari kantari ezagunak kontzertua eskainiko du (21:00).
Ez ahantz ostiral huntan Artetxean, Izturitzeko lehen merkatua!











