Orotarik | 2023ko Ekainaren 01a
MINTZA MOLDEAK
EPELONDO
Gure belaunaldietako gizonkiak euskararen mundutik datoz gehienak. Aitorren hizkuntza, batzuk Amaiarena deitzen dutena, galdu eta berrikasi izan behar duten arren, erro horietatik hurbil gelditu dira beti. Baina ohartzen gara, mende erdia geroago, zenbatetaraino aldatu den gurea moldez eta araz. Haur denboran entzuten genituen ele asko linboetan ehortziak dira eta hitz berriak baliatzen ditugu, agian errealitate ezberdinak errateko. Halatan, aspaldiko lagun batekin nintzen iragan egunean, ostatu ezagun batean, Jurançon idor bat hurrupatzen. Solaskidea entzun nuen bat batean "Macron pittili hori" ahoskatzen eta irriz lehertu nintzaion. Uste dut gaitzitu nuela...
Lasaitzeko, lexikologo lizun moduan, egoera orekatzen entseatu nintzen, oroituz nolako laidoak eta irainak ezpainetara jauzteen zitzaizkigun ume hotzak ginen garaietan: ardurenean gizonezkoek zituzten puta zikina, alua, urde zikina, pittilia, ustela, brililia, zozola, huntza, astapitoa eta beste gauza distiratsu batzuk murrungatzen, deabrua sar balakio, alajinkoa edo alaxokotzia bezalako erranak tartekatuz. Euskara, orduan, ozena eta misoginoa zela ezin uka, hitz lakar horietatik haboroxeenak emazteei zuzenduak zitzaizkielarik. Mahaiaren inguruan, eta txin-txin, gure hizkera handizki garbitua izan zela ondorioztatu genuen, duintasun zerbaitez irakaskuntzarako, kazetaritzarako eta literaturarako bereziki baliatzeko.
Ez pentsa, irakurle, euskara zakar haren nostalgikoa naizenik. Orain, Hegoaldekoen laido eta irain-erak ditugu erabiltzen, redios, hostia puta eta kaguensos delakoen ildotik. Gureak ber biziaraztera ez gara ausartzen, ez dugulako feministen eta garbizale prunten so beltzen jomuga izateko enbeia izpirik!













