Mundu zabalean | 2023ko Ekainaren 01a
Trantsizio ekologikoa nola pagatu?
Joan den astean trantsizio ekologikoaren ondorio ekonomikoa neurtzen duen Jean Pisani-Ferry ekonomialariaren txostena plazaratua izan da. Gobernuak galdegin azterketa horretan krisi klimatikoari buru egiteko sektore ezberdinetan egin beharko diren indarrak eta diru inbertsioak agertzen dira.
Zehazki mintzatuz, hemendik 2030 urte arte, urte guziz 70 miliar euro mobilizatu beharko da. Txostenak dionaz sektore pribatu zoin publikoen partehartzea beharrezkoa izanen da eta Gobernuarentzat bi ahalbide kontseilatzen ditu: zor publikoa emendatzea eta aberatsen zerga berezia sortzea. Bi proposamenak berehala baztertu ditu, momentuko, gobernuko moltsa eta orientabide liberala tinko atxikitzen duen Bruno Lemaire ministroak.
Pisani-Ferryren txostena
Maiatzaren 22an plazaratua izan den txostenaren egilea, Pisani-Ferry, ez da oposizioko ekonomialaria. Alta Elisabeth Borne lehen ministroak galdeginik presentatu duen 150 orrialdeko azterketa eta proposamen zerrendak komentario eta eztabaida frango sortu ditu, boterean daudenen artean. Erran behar da zientzia politikoetako ekonomia erakaslea ez dela Gobernutik urrun eta 2017an Emmanuel Macron boterera heltzeko presentatu zuen programaren pentsalari nagusietarik bat izan zela. Bere eragina ttipituz joan da geroztik eta iduri luke ez dela gehiago entzuna presidentearen egoitzan.
Proposamen egingarria eta jasangarria
Barne ministerioak dio azterketa galdea egin eta ez da bakarrik ari izan lanean, azterketa taldeko beste burua Sema Mahfouz baita, finantzetako inspektore orokorra, lehen ministroarentzat lanean ari den France Strategie instituzioaren laguntzarekin.
Lan taldearen egin beharra argi zen: trantsizio ekologikoarentzat 2030eko jadanik finkatuak diren helburuak lortzeko hartu behar diren neurri ekonomikoak zehaztea. Oroitaraz dezagun aldaketa klimatikoa hein katastrofikorat lerratzerat ez uzteko, berotze efektua sortzen duten gasen isurketak 2030eko %55ez ttipitzea baitezpadakoa dela.
Mezu bikoitza plazaratu dute ikerlariek: 2030eko igurikatua den neurri hori lortuz geroz, ekonomia berdea garatzeko manera agertzen dela. Haatik hori lortzeko, ondoko 8 urteak erabakigarriak izanen dira eta azken hiru hamarkadetan baino bi aldiz fiteago beharko dira berotze efektua sortzen duten gasen emisioak apalarazi.
Hori ez da erabaki ekonomiko eta inbertsio azkarrik gabe eginen. Orotarat 70 miliar euro, urte guziz, beharko dela trantsizio ekologikoa diruztatzeko zehazten dauku ekonomialariak. Izan bizitegien edo bastimendu publikoen arraberritzeak, bereziki isolatze eta berotze sistemak egokitzeko, izan enpresen edo azpiegituren egokitzapenak bai eta ere ibilgailu elektrikoak garatzeko.
Sos anitz da, bainan ez baditugu funtsezko erabakiak orain hartzen, diru ainitzez gehiago galtzea arriskatzen dugula diote txostenaren egileek. Nun atzeman diru hori? Enpresek eta ahal ekonomikoak dituzten jendeek horien inbestimenduak eginen dituzte, baina hori ez da aski, ez eta denentzat posible izanen. Adibide baten emaiteko, neurri ekologikoak errespetatuko dituen etxe bat behar bezala isolatzeko eta berogailu sistema arraberritzeko, errebenio ertainak dituen familia batek, urte oso baten irabaziak beharko ditu. Zer erran irabazi apalagoak dituzten familia guzientzat? Horregatik, finantzamendu publikoa ere baitezpadakoa izanen da.
Urrunago doa Jean Pisani-Ferry, txostenaren orientabideak aurkezterakoan: "lan hori egitean ohartu naiz trantsizio ekologikoak jendeen arteko ezberdintasun ekonomikoak azkartzen ahal dituela."
Diru iturri publiko berriak
Hiru saileko proposamenak eginak dira finantzamendu publiko berriak atzemaiteko. Lehen lehenik ekonomia beltzaran edo energia fosilari lotua den ekonomia ez gehiago diruztatzea, alde horretarik 10 miliar euro atera daitezke, urte bakotx. Bestalde iraultza industrial berria bultzatzeko zorra publikoa goratzea beldurrik gabe eta Europako araudiak aldaraziz. Azkenik, populazioaren %10 diren aberatseneri "zerga berde" berezia eman, neurri horrek urteka 5 miliar ekar lezake.
Frantses Gobernuaren ezezkoa
Azken bi proposameneri berehalako ezezko erantzuna eman du Bruno Lemaire ekonomia ministroak, azken urte hauetan Emmanuel Macron presidenteak martxan ezarri duen politika liberalaren leloak errepikatuz: "ez dira zergak emendatu behar eta ez ditugu aberatsak beldurrarazi behar", erdi mailako jende guzien zergak emendatzeko arriskua aipatuz.
Nahiz eta ministro gehienak katixima bera errepikatzen ari diren, halere eztabaidak sortzen ari dira presidentearen alderdiko deputatu batzuk debate publiko baten beharra agertzen baitute.
Bururatzeko, jakin behar da munduko bi pertsona aberatsenak frantsesak direla: Bernard Arnault eta Françoise Bettencourt. Gehiago dena, Politika Publikoen Institutuak egin berri duen inkesta batean erakusten du Frantziako 37 familia aberatsenek errebenioen gaineko zerga hein biziki apala dutela, %0,26koa, abantaila handiko dispositiboak legalitate osoz baliatuz. Zuzena dea? Jean Pisani-Ferryren txostenak arteka bat idekitzen du.











