Euskal diaspora | 2023ko Ekainaren 01a
Besta ederra Bakersfielden, Villa Maria, Buenos Aires eta Brusela
Joseba Etxarri
Argazki oina:
Bakersfieldeko Euskal Etxearen pilotalekua Luhartz taldea musikari (arg Luhartz)
--------------------
Besta ederra Bakersfielden, Villa Maria, Buenos Aires eta Brusela
BAKERSFIELD, KALIFORNIA. Partaidetza handiz eta ohiko arrakastaz gauzatu da joan den asteburu luzean Bakersfielden, bertako Kern County Basque Club euskal etxea antolatzaile, herriko 49. Euskal Piknik eta Besta. Ostiralean saio akademiko bat egin zen CSUB unibertsitateko Euskal Ikasketa Institutuaren eskutik eta besta larunbat eta igandean lehertu zen Euskal Etxearen egoitza, pilotaleku eta zuhaizpe zabalean. Musika, dantzariak, pilota partidak, klika, meza, bazkari-afariak, musa, erromeriak... izan ziren osagai. Euskal Herritik, Luhartz talde bizkaitarra jin zen jendea dantza araztera heien 40. urteurrena ospaturik, eta baita pilotariak ere larunbat-igandez partidak jokatzera: Andoni Gaskue,Iñigo Bikuña Izagirre, Iker Arreche, Francisco Javier Oscoz eta Ander Errandonea. Astelehenean À¢'€'"AEBan Memorial Day izankiÀ¢'€'" ohidurari jarraiki, hitzordua Wool Growers euskal ostatura aldatu zen, animazio eta giro handiz. Ez ahantzi heldu den urtean, Bakersfieldeko Urteroko Euskal Bestak 50 urte beteko dituela eta NABOk bertan ospatuko duela bere biltzar nagusi eta piknik elgarretaratze handia.
VILLA MARIA, ARGENTINA. Aitzina ari da Cordoba probintziako Villa Mariako Euzko Etxea antolatzaile duen 'Anima Zaitez! 2023' programa. Oroit dezagun, programa hunek Euskal Herriko gazteak komitatzen dituela EHko udan, Argentinako neguan, aste batzuk pasatzera, denbora hortan Euskal Etxeko gazte eta heldueri euskara, euskal pilota, sukaldaritza, musika, dantza eta abarren lekukotasunak emateko. Aurten uztailaren 14tik 30era izanen da eta hautatu dituzte dagoeneko partaide izanen dira lau gazteak: Garazi, Larraitz, Iñaki eta Garazi. 2017an Eztitxu Harignordoquy baigorriarra izan zen partaide.
BUENOS AIRES CELEBRA. 'Buenos Aires Celebra al País Vasco' edo 'Buenos Airesek EH ospagai' delako besta erraldoia heldu den igande huntan izanen da Buenos Aireseko Maiatzeko Etorbidean. Bi agertoki, berrogei standetik goiti, dantza, antzerkia, musika eta sukaldaritza zuzenean, liburuak, diseinua, kirola, euskara, artisau-lanak, genealogia, argitalpenak, donostiar danborrada Buenos Aires hiriaren bihotzean... eta guziaren emanaldia irratiz eta online 'Presencia Vasca' emaile izanen ditu osagai. Sei orduz luzatuko da, eguerditik 18tara.
BRUSELA, BELGIKA. Bruselako Euskal Etxea jende bila ari da bere Txalaparta koralarentzat eta ekainaren 1ean eta 2an 19etatik 21etara; eta ekainaren 3an, 12etatik 14etara eginen ditu entzunaldiak, bere egoitzan (Rue Fernand Bernier 10, Saint Gilles). Informazio gehiago bruselakoabesbatza@gmail.com helbidean edo +34 636 016 336 zenbakian.











