Ba ote dakixu? | 2023ko Ekainaren 01a
Zer iragan zen 1968ko maiatzaren 29an? (2/2)
Gilen Bacho
De Gaulle Eliseotik abiatu zen 11k eta erditan, Yvonne bere emaztea eta Flohic-ekin. Issy-les-Moulineaux-ko heliportura fite heldu ziren (laurden batez bakarrik, zirkulazio guti baitzen, greba orokorrak gasolinaren eskasia probokatu baitzuen), eta helikopteroa hartu zuten ekialdera buruz.
"Massu, dena akabo da"
Eguerdi irian, Boissieuk, Colombey-tik, Massu jenerala ez zuen juntatu ahal ukan, zentral telefonikoko grebarengatik. Orduan, Saint-Dizier-ko hegazkin basea deitu zuen, De Gaulleren helikopteroa han gelditu baitzen ezantza ontzia betetzeko, eta mezu hau utzi zuen: "Bere solaskidea ez dudala juntatu ahal ukan VIP-ari jakinarazi." Baina, De Gaulle helikopteroz berriz abiatu zen Boissieuren mezua ukan gabe. Memento horretan De Gaullek Baden-Badenera abiatzeko manua eman zuen. Oren batean, Parisen, De Gaulle ez zela Colombeyra joana jakin zelarik, izialdura gehitu zen gobernuaren baitan. 3ak hogei gutitan, De Gaulleren helikopteroa Baden-Badeneko militar aireportura heldu zen. Orduan bakarrik Flohic-ek Massu deitu zuen, bere siestatik iratzarraraziz, De Gaullerekin berehala helduko zirela erraiteko. Lalande jenerala ber mementoan etorri zen. Lalande, De Gaulleren agurtzea abiatu zen. De Gaullek hitz misteriotsu hauek erran zizkion: "Massuren ikustera noa. Han ikusiko zaituztet. Gaur, gutun bat emango dizut Pompidourentzat." 3etan, De Gaulle Massuren kuartel nagusira heldu zen. 50 minutuz, bi gizonak Massuren bulegoan hetsirik egon ziren. Elkarrizketa erabakigarri horretan zer iragan denez jakiteko bakarrik Massuren bertsioa badugu. Hunen arabera, De Gaulle hitz ilun hauekin hasi zen: "Massu, dena akabo da".
"Ez zezakeen gehiago iraun"
Massuk, bulegotik jalgi zelarik, Lalande gurutzatu zuen: "Jeneralak Alemanian errefuxiatu nahi du, ezinezkoa dela erran diot. Erokeria egingo luke. Ez du partida hola abandonatzen ahal." De Gaulle eta Massu mintzatzen zirelarik, haien bi emazteak elkarrekin ziren ere. Lalanderen arabera, Yvonnek Massuren emazteari bere kalbarioa kondatu zion: "Hilabete bat hontan, nire senarrak ez du gehiago lo egiten, ez du irratia entzuten, ezin dezake horrek gehiago iraun". 4etan, Parisen, gobernuak azkenean De Gaulle lokalizatu zuen. Ber mementoan, De Gaullek Colombeyko bidea berriz hartu zuen. Colombeytik, De Gaullek Pompidou deitu zuen. Pompidouk presidentea bezperan baino forma zinez hobean atzeman zuen. Pompidou soleitua zen baina erotua ere, aparte atxikia izan baitzen. Horregatik, dimisio gutun bat ere idatzi zuen, biharamunean presidenteari emaiteko. De Gaullek Tricot deitu zuen ere eta "bere gibel-asmoekin adostu" behar zela erran zion. Tricot-rentzat, De Gaullek, egun osoan, abandonatzea ez zuela pentsatu ere erran nahi zuen. Boissieuk ber ikusmoldea zuen. Goizean, Boissieuren arabera, De Gaullek bere egiazko helburua presentatu zion: "Frantsesak, eta ere gobernua, dudan eta arranguran ezarri nahi ditut egoera berriz harrapatzeko". Massuk, alderantziz, De Gaullek dena utzi nahi zuela beti pentsatu zuen eta, haren ustez, berak zuen egoera salbatu. Baina bi gizonek ez zuten De Gaulle ber mementoan ikusi. Goizean, Eliseoan, bere bulegoan, alde batetik eta arratsaldean, akitua eta goseak hila, beste aldetik. Lalanderen testiguak, objektiboena, Massuren erranak konfirmatzen zituen. Bere biharamuneko diskurtsoan, De Gaullek bere "eskapaldia" hola aipatu zuen: "Azken 24 orenetan, mentura guziak, salbuespenik gabe, asmatu ditut". Azken hitzak Julian Jackson-i uzten dizkiot: "Baden-i buruz abiaturik segurki armadaren leialtasunaren berri ukaiteko, beharbada abandonatzea erabakita etorri zen. Sustut, Eliseotik ihes egitea nahi zuen, bere Lehen ministroaz libratzeko, agertokiaren zentroan berriz ezartzeko".











