Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Irailaren 12a
Heriotze: Aña Irigoyen - Ezkontza: Nerea eta Tomas - "Olagarrua" antzerkia ostiralean Denen Etxean - Herriko kontseilua - Gozategia ostatuak abisu - Odol emaitea
Heriotze: Aña Irigoyen
Aña Irigoyenek 92 urte zituen. Hazparnen bizi baldin bazen zonbait urte hauetan eta azkenik Kanboko xahar etxe batean, lehen Aiherra Barne Uhartean bizi izan ziren Hilario bere senarrarekin, hor laborari gisa lan eginez. Aña zenaren ehorzketak Aiherrako elizan iragan dira. Dolumin bizienak Ida hunen alabari, Maider alabatxiari eta ahaidego guziari.
Ezkontza: Nerea eta Tomas
Joan den ibiakoitzean, espertatean egun berezia eta alaia bizi izan zuten. Tomas etxeko semea Getariako Nerea Esnaola Iribar anderearekin ezkondu baitzen, Herriko Etxean. Jakin ezazue hauen 2 seme alabentzat ere, Ekhi eta Lur-entzat besta egun handia zela.
Goresmenak Nerea eta Tomasi.
"Olagarrua" antzerkia ostiralean Denen Etxean
Antzerkilari profesionalen ikusteko usaiarik ez baldin badugu gure herrian, aldi huntan: Donostiatik eta Iruñatik heldu diren Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola aktore ezagunak ez ditugu hutsegin beharko. Hauek "Olagarrua" obra antzeztuko dute, 70 minutuz, euskaraz Denen Etxeko gela handian. Herriko Etxeak eta Beltzuntze elkarteek gaituzte gomitatzen, Udalbiltzaren laguntzarekin. Ikusgarria ostiralean iraganen da (20:30). Sartzea urririk da. Ondotik tokian berean goxatzen ahalko da, zerbaixka hartuz.
Ongi etorri deneri
Herriko kontseilua
Herriko kontseilua joan den agorrilaren 5ean bildu zen. 15 hautetsietarik, 11k parte hartu zuten. Bilkura horretan hartu erabaki garrantzitsuenak hauek dira:
- Beltzagitea arramoldatzeko obrentzat, 250.000€ko mailegua egin beharra dute, eta 3 bankuk egin eskaintzak azterturik, Crédit Agricole banketxeak proposatua hautatu dute: 15 urte, %3,70eko tasa finkoa, hiru hilabetetarik itzulgarria. 400€ko dosier gastuak. Herriko kontseiluak eskaintza hori onesten du eta auzapezari mailegu kontratua izenpetzeko baimena emaiten dio.
- Malegarie anderearen eremuari buruzko prozesuak aitzina segitzen du eta auzia epailearen aitzinean iraganen da urrian, prezioa finkatzeko (Herriko Etxeak lehentasunez erosteko dispositiboa baliatzen du)
- Eskola langile kontratazioa: Marie Charlotte Bellecave eskola publikoan parte hartzen duen taldean sartuko da, eskola sartzean
- Herriko Etxeak agorrilaren 23an ortziralarekin, Abarando ibilaldia eta gaualdia besta komiteak antolatzen duela oroitarazten du
Gozategia ostatuak abisu
Gozategia jatetxeak jakinarazten du hemendik goiti astelehenetik ortziralera irekia dela, egun guziz eguerditan. Asteburuetan taldeentzat irekitzen ahal du, aitzinetik erreserbatuz. Etxetara eramaiteko platerak ere prestatzen ahal ditu, eta familiako gertakarientzat, zuen etxeetara jiten ahal da.
Jatetxearen telefono zenbakia: 05-59-45-91-63.
Odol emaitea astelehenean eta asteartean
Odol biltze zentroak odol eskasean daude. Gure odolaren emaiteko egin dezagun indar. Hemen posible izanen da, Aiherrako Denen Etxean, buruilaren 16an astelehenarekin (8:00-11:30) eta asteartearekin (15:00-19:00).











