Ba ote dakixu? | 2024ko Irailaren 12a
Liberazioa (2/3)
Gilen Bacho
Normandiako eta Proventzako lehorreratzeekin, alemaniarrak Frantzia hego-mendebaldetik eta Ipar Euskal Herritik abiatu behar ziren. Erresistente mugimenduek memento hori igurikatua zuten luzaz eta orain ofentsiba eraman zezaketen.
Xiberoko makia
Mixel Esteban-ek informazio anitz emaiten dauku bere liburu zinez interesgarrian bigarren mundu gerlaren ondorioez Euskal Herrian ("Regards sur la Seconde Guerre mondiale en Pays Basque", Elkar). Xiberoa, probintzia menditsu eta oihantsua, lurralde egokia zen makien garatzeko. Armada Berria Ospitalepea eta Sohütaren inguruetan instalatu zen eta Armada Sekretua (AS) Altzürükü eta Garaibiren inguruetan. 1944ko uztailaren hasieran, alemaniar indargarriak (600 soldadu) igorriak izan ziren Xiberoko makia erreprimitzeko. Uztailaren 19an, Armada Berriko gudariak Mauleren inguruetan instalatu ziren. 22an, AS-ak alemaniar mugako posten kontra oldartzeko manua ukan zuen. Horretarako, André Barbé-Labartheren gizonek Ahüzkiko posta atakatu zuten eta hartu, alemaniar soldadu bat hilez. AS-ak alemaniar soldadueri gelditu gabe eraso egiten zien, partikulazki "bideetan, herrietatik urrun". Ber mementoan, alemaniar soldadu anitz Xiberotik abiatu ziren Frantzia iparraldera buruz. 50 alemaniar Maulen egon ziren eta 160 Atharratzen. Mauleko alemaniar soldaduak bereizteko, AS-ak Maule eta Atharratzeren arteko bidearen kontrola hartu zuen. Agorrilaren 10ean, alemaniar tropak Mauletik abiatu ziren baina hiritik ateratzean, Bildozen, "Armada Berriko" 80 gizonek alemaniar konboia erasotu zuten. AS-ko gudarien laguntzarekin, borroka gogor eta luze baten ondotik, erresistenteek gaina hartu zuten eta alemaniarrak errenditu ziren. Maule libratua izan zen. Baina, alemaniar soldadu talde handi bat Nabarrenkoxe eta Salbaterratik etorri zen Maule berriz okupatzeko. Beharrik, Proventzako lehorreratzeak, agorrilaren 15ean, dena kanbiatu zuen. Biharamunean, alemaniarrak Mauleko inguruetatik definitiboki abiatu ziren. Atharratzeko alemaniar garnizioa agorrilaren 23an errenditu zen. Agorrilaren 24an, eguerditan, Xiberoko eliza guzien ezkilek jo zuten eta biztanleak karriketara jalgi ziren Liberazioa ospatzeko. Erresistente gazte zenbaitek (Michel Bégueriek bezala) gerla segitu zuten, Franc Pommies Gorputzean, kasik urte batez (Stuttgarteraino!).
Kostaldearen libratzea
Agorrilaren 17an, Wermacht-eko Aitzindaritza Gorenak Frantzia mendebaldeko eta hegoaldeko tropen ateratze orokorra manatu zuen. Ondorioz, agorrilaren 21ean, arratsaldean, tren berezi bat abiatu zen Hendaiako geltokitik, bere barnean alemaniar trenbidetako langile, mugazain eta soldaduekin. Oren erdi baten buruan, FFI-ko erresistenteak karriketan ibili ziren eta bandera frantsesak nazien banderaren lekua hartu zuen. Ber egunean, alemaniarrek beren itsasontziak hondatu zituzten, Baionaren porturako bidea blokatzeko eta munizio biltegi zenbait lehergailuen bidez suntsitu zituzten. 22an, alemaniarrak (24.000 gizon!) Baionatik abiatu ziren Bordeleko bidea hartuz. Baionako geltokiaren eta Maubec karrikaren artean, alemaniar soldaduek hiru zibil hil zituzten. FFI-ko gudariek alemaniarrak atakatu zituzten ere hiri erdian. Espainiara buruz ihes egin nahi zuten alemaniar zenbaitek FFI-aren hesi bat bortxatu nahi ukan zuten. Erresistenteek hiru alemaniar hil zituzten eta dokumentu interesgarri bat errekuperatu, zeinean Espainiara ihes egin zituzten Gestapoko gizonen izenak idatziak ziren. Ber mementoan, FFI-ko gizonak hondartzetako eta Baiona Santespietako zubiko minak kentzen hasi ziren. Sud-Ouest egunkari berriak kondatu zuen bezala, alemaniarren abiatzeak "bihotz berotasun eta loria zapartatze egiazkoa" sorrarazi zuen Baionan eta Miarritzen, non milaka jende karriketara jalgi ziren Liberazioa ospatzeko.











