Herriz Herri - Lekorne (L) | 2024ko Irailaren 12a
Herriko bestak
Herriko bestak direlarik, larrazkena hurbiltzen ari dela marka! Aurten irailaren 12an, ostegun huntan hasiko dira, Hodi Aldean uda huntan iragan kabalkadaren parte bat proiektatua izanen da. Ostiral arrastirian (16:00-18:00) haurrentzat jostailuak izanen dira, trinketean Elite Pro pilota txapelketako finalerdiak (17:30), arratsean joan den astean aipatu bertsu afaria Jon Maia eta Nerea Elustondorekin (20:00), edo plazan "Chouffe gaua" Artzabale eta Frigo taldeek animaturik. Larunbatean trinketean pilota lehiaketaren segida (17:30) eta ondotik zikiroa Holakok alaiturik, txartelak 19:00tik harat salgai izanen dira. Igandean herritarren aperitifa, arratsaldean (16:30) "Behin bazen" Brilili zuberotar taldearen ikusgarria, kantaldia Bekatu taldea eta "Aiurri" ikusgarria Aukeran dantza taldeak emanik, ondotik animazioa txarangarekin. Bestak astelehenean bururatuko dira, goizarekin birla txapelketa (11:00), adinekoen bazkaria (13:00), Elite Pro pilota finala eta ohidura den bezala, ondotik aingira jatea herriko bi ostatuetan.
Lekondar guziek besta onak iragan ditzatela!











