Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2024ko Irailaren 12a
Zaharrer Segi-k 100 urte - Errugbi - Sartzea - Germieta eta Okozeko bestak
Zaharrer Segi-k 100 urte
Bezperako erauntsiak ahantzirik, gure pilota elkarteak aro iguzkitsua gozatu du bere mendearen ospatzeko, joan den ibiakoitzean. Zoin ederra zen trinketetik plazarako 300 bat pilotari eta arduradunen desfilea, herriko musikariek lagundurik! Harat heldu eta,Zaharrer Segi luzaz kartsuki zerbitzatu edo egun oraino zerbitzatzen duten zazpi presuna omendu dituzte, 4 gizon: Alexandre Iputcha, Gracien Juantorena, Jean Marie Berterretche, Jean Berterretche eta 3 emazte: Monique Bascans, Monique Berterretche eta Maritxu Semerena.
Mintzaldiak biziki kausituak ziren, ardura hunkigarriak, batzutan umoretsuak ere, bereziki omendu bakotxari lotuak ziren anekdotak kondatu direlarik. Gero, giro ezin goxoagoan iragan dira aperitifa eskainia eta bazkari hauta. Pollita zen ere adin guzietako jendeen nahasketa hori ikustea, 4 belaunaldi desberdin juntatu direla bestaren alaitzeko. Ausartenek biharamun goiz arte segitu dute. Egunaldi oroitgarria egonen da parte hartu dugun guzientzat.
Errugbi
Federal 1 xapelketako lehen zoin gehiagokaren kondu, joan den igandean Baigorriko zelaian, US Nafarroa taldeak Floirac-ekin berdinketa egin du 26/26. Ondoko partida heldu den igandean dute Lot et Garonne departamenduko Layrac-en.
Sartzea
Sartzea gure herriko 3 ikastatetxeetan ere buruilaren 1ean iragan da, aldaketa guttirekin jazkoaren aldera:
- Jean Pujo kolegio publikoan 85 ikasle dituzte aurten, joan den urtean baino bizpahiru gehiago. Aldaketa zonbait izan dira ere erakasleetan.
- Donostei kolegio pribatuan 57 ikasle, apaltze ttipia, erdia baino gehiago sare elebidunean.
- Bai ikastolan 53 ikasle, jaz 50 zirelarik. 8 haurrek sartzea egin dute lehen aldikotz.
Germieta eta Okozeko bestak
Buruilaren 14an iragaitekoak dira, igandez. Egitaraua:
- (11:00): Pala lehiaketako finalak buruz buruka.
- (12:00): Aperitifa
- (14:00): Bazkaria 25 eurotan, xingarra eta meloina, entrekosta patatekin, sagar tarta, gasna, kafea, ondokoa.
- (18:00): Pala lehiaketako finalak binazka.
- (20:00): Gaualdia, Punttu Kakotxek alaiturik.
Izen emaiteak bazkariarentzat: 06-13-50-69-42 zenbakian.











