Gogoa hazi | 2024ko Irailaren 12a

Emazteak isilarazi

Maite Iratzoki

Bertutea sustatzeko eta bizioa prebenitzeko, lege batek, 2024ko agorrilaren 31n bere indarrean sartua Afghanista erresuman, adierazten du, emaztek zaindu behar dutela, beharragatik beren etxetik ateratzen badira, beren bisaia eta gorputza estaliz "tentazioaren beldurrez" eta heien ahotsa entzun ez dadin.

Argi eta garbi erraiteko: gizonek sexu-desiorik ukan ez dezaten, emaztek beren bisaia eta beren gorputza gorde behar dute etxetik ateratzen badira, -behar denean-, eta kanpoan ez dute hitzik erran behar.

2022an, abenduaren 24an, talibanek idatziz manatu dute atzerriko eta nazioko gobernuz kanpoko erakunde guzieri, emazteen enplegua geldi dezaten. Ordu arte ez zuten sektore publikoan lan egiteko baimenik, baizik eta osasunean edo lehen mailako eskoletan, edo segurtasunarekin lotutako zentro batzuetan, hala nola aireportuetan eta emazteen presondegietan. Jadanik ez zuten eskubiderik publikoki kantatzeko ez irakurtzeko ez eta bakarrik ibiltzeko etxetik kanpo. Ez dute beren familiako ez den gizon bati behatzeko eskubiderik.

Neskak ezin dira eskolarat joan 12 urte egin eta gero. Eskolatik kanporatuak izaiteaz gain, bainu publikoetarik, parkeetatik eta kiroldegietatik kanporatuak dira. Eta orain mamuak bezala ager daitezke karrikan.

Zoin dira taliban horien arrazoiak? Horiek oro debekatzen dituzte emazteeri, lege islamarriaren beren interpretazioa gauzatzeko. Erlisionea, aitzakia gisa erabilia.

Asian, Kanbodiako, Birmaniako, Filipinetako, Thailandiako, Vietnameko neskek zenbat oztopo ez dituzte eskolarat joaiteko! Afrikan berdin. Gaur egun, ez eskolatuak, ez formakuntzan edo ikaskuntzan diren munduko gazteen %77a emazteak dira. Zoin dira arrazoinak? Lan bortxatuak emaiten duen akidura fisikoa eta morala, etxeko esklabotasunaren ondorio txarrak eta gaixtoak, sexu indarkeriaren ondorioz transmititzen diren haur beharrak, eritasunak eta infekzioak, baita emaztek oraino pairatzen dituzten mutilazio genitalek eskolatze normala trabatzen eta debekatzen dute.

Beren alaben eskolatze eskasiaren edo faltaren arrazoieri buruz galdeginak izan diren burasoek hau dute erraiten: eskolatze gastuak, ezkontza, haur beharretan izaitea 13-14 urtetik goiti eta ikasteko interes galtzeak. Ez da holako arrazoinik mutikoen alde; hauek eskolatuak dira.

Duela 30 bat urte, hemengo apezpiku batek hitz hauek erran nauzkien: "Afrikan, emazteak eskolatuak balire, gizarteak ezin emango liekena ukan nahiko lukete, beraz hobe da ez anitz eskolatzea". Ez bainintzen guti harritu! Eta ene baitan sumindu.

Munduan, lan egiteko adinean diren emazteen erdiak bakarrik du ordaindutako postua, pagatua den postua. Alta ONUko estatu kideek konpromisua hartu dute hemendik 2030erat, munduko emazte guziek ukango dutela lan egokia eta lansari berdina balio bereko lan batentzat.

Talibanak Afganistanen dira, aldiz talibanen modukoak nunahi kokatzen dira, pentsamendu-sistema delako. Norberak menperatu ezin duena bertzeen bizkar, -eta hemen emazteen bizkar-, legeak egitea, bertzeak beheratuz boterea hartzea, oker bideak dira. Legeak ez du bertze betebeharrik, izana edo izaitea duen orok, bere betetasuna lortzea baino. Nork erabaki dezake gizaki mota batek, hemen emaztea, ez duela eskubiderik mintzatzeko, ikasteko, ibiltzeko, lansaria ukaiteko?

Eta erabaki hori hartzerat ausartzen direnak, nor dute beren erreferentzia, zoin da heien gogoeta kriterioa, zein da heien pentsamendu-sistema? Gizonek prostituitzen zituzten neska gazteek, sistema hortarik ateratu nahi zutenean, berreziketa gakotu etxe batzuetan "centre de rééducation" emaiten ziren. Biktimak, akusatuak eta gakotuak! Pentsamendu-sistema okerra.

"Izan zaitez eder eta isil" erranaldi hau entzuten zen ez aspaldi, erraiten eta errepikatzen zen, publizitateak zabalduz.

Isilaraztea, abusu guzien bide handia. Isilaraztea, biziaren ukatzea, eta biziaren ukatzeak heriotza du izena.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3752. zbk

Gure Hitza | 2024/09/12

Eskerrak hiru ongi egile zendu berriei

Jean-Louis Harignordoquy

Duela bi aste erranak errepikatu gabe, aldi huntako Gure hitza idatziko dugu agorrileko lehen egunetan gure iparraldeak galdu bihotz handiko hiru gizonez. Zinez merezi baitzuten. Hiruetan gazteena ginuen Ttale Ouret. Abantxu mende erdi batez mendiko artzaintzaren sustatzailea, urtean bietan alda egitera behartuak diren artzain xoilen egoera dorpea hobetzera saiatuz. Ondorio on bat ekarri du, gazte andana lotu baita artzaingoari. Ttalek azkarki akulatu ere ditu Garazi, Aezkoa eta Zaraitzuko jendeen arteko harremanak. Gure bazterrak emankizunetangrabaturik daude haren lekukotasunak. Luzaz, larunbat goizetan Irulegiko Irratitik hedatu ditu artzainen berriak. Diasporako euskal artzainen elkartea ere biziarazi du. Ikasgai asko euskaraz irakurgai utzi dizkigu duela bi urte argitaratu liburu hartan.

Adin handiagora heldurik zendu den Aita Ignace Etchehandy eihalartarrak Adrien...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016