Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Irailaren 12a
Elkarteen foroa - Biltzar nagusi - Euskal kantuak Latsan
Elkarteen foroa
Ongi iragan da joan den larunbatean elkarteen eguna aro ederra lagun, 30 elkarte ordezkatuak zirela Bilgune plazan, sail guzietan: ingurumen arduradun, humanitario, kirol eta kultura. Bainan jakina da Uztaritzen kasik 90 elkarte direla. Asko dira oso ezagunak bainan ere berri batzu adibidez Soie elkartea edo Surf Santé elkartea. Elkarrizketatu zonbait hautetsi pozik gelditu dira egunaz.
Biltzar nagusi
Kapito Harri pilota batasunak bere biltzar nagusia egin du joan den larunbat arratsaldean trinketean, Christian Ibarboure kirol axuantak auzapeza ordezkatuz. Hasieran Alain Toffolo lehendakariak galdeginik minutu bat isiltasun errespetatua izan da aurten zendu bi kideak gogoan: Jean Léon Orhategaray eta Thierry Sarthe. Diruzainak eman du diru kontuen berri, galtze ttiki batengatik osoki orekatuak zirenak. Sail bakotxaren berri jakin da ondotik lehenik emaztekiena oso azkartzen ari baita 70 lizentziatuekin eta xapelgo guzietan parte hartuz. Esku huska pilota ere azkartuz doa azken urteotan 85 lizentziatuekin eta 14 hezitzaile direla horrentzat. Trinketa denentzat ez aski izanez baliatzen dute Jatsukoa ahal bezainbat plazer emaiteko pilotari gehieneri. Luzeko jokoa eta joko garbi beti berdin azkar doatzi bereziki aurten luzeko A taldea Frantziako xapeldun atera baita; berdin ere joko garbin 22 urtez pekoak xapeldun atera baitira. Xisteraz ari direnak 30 talde dira xitoetarik hasiz helduetara. Txosten moralean lehendakariak azpimarratu du elkartearen bizia eta bizi nahia eskertuz Herriko Etxea eta laguntzaile guziak. Txostenak oro aho batez onartuak izan dira. Aurtengo xapeldunen ohoratzeko tenorea zen ondotik gizon eta emazteena. Zuzendaritza berritzean Régis Dioné, Eneko Pelletrat, Alain Toffolo, Jean Philippe Urrutia eta Sohie Pérochéna berriz onartuak izan dira. Azken hitzean Maurice Dubroca diruzainak, 2006az geroztik lan hortan ari denak, adierazi du urtearen bukaeran bere diruzaingo lana uztea, orduan izendatuko dute diruzain berria. Elkarteak eskaini zintzur bustitze eta krakada batekin bukatu da biltzarra.
Euskal kantuak Latsan
Giro onean euskaraz kantatzea maite duzue? Jakin ezazue Latsan Kantuz taldeak bere gaualdiak berriz abiatzen dituela. Hari juntatzera gomitatzen zaituzte denak emazte ala gizon. Kantu herrikoiak dituzte emaiten, zahar eta berri, boz bakarrean edo bi bozetan, gitarraz edo eskusoinuz lagundurik. Gastuen estaltzeko 15 euroko urtesaria galdeginen zaizue. Biltzeak errepikapenentzat bi astetarik behin egiten dira asteazkenez (20:15-21:30), eskolen denborako asteetan Latsa elkartearen egoitzan 521 Hiribehere karrika Uztaritze. Lehen gaualdia izanen da irailaren 18an (20:15). Argitasun gehiagorentzat deitu daiteke Pierra Etchecopar 06-07-44-42-21. Kantu sasoi on.











