Mundu zabalean | 2024ko Irailaren 12a

Jazarpena eskolan

J.B.

Jazarpena%20eskolan

Udako bakantzak bukatu eta eskolako bidea hartu dute gure haurrek. Gehienak gogo onez lagunak berrikusteko asmoarekin bainan arrangura pixka batekin eskola aldaketa dutenentzat. Beste zonbaitek aldiz arrangura handiagoak dituzte iragan urtean pairatu jazarpena ez ote denez errepikatuko. Eskolako jazarpena errealitate dorpea baita, gordetu behar ez dena eta kolektiboki gainditu behar dena.

Jazarpenaren errealitatea

Nahiz gazteen arteko kalapiteri ez diegun beti atentzio handirik emaiten edo ez ikusi nahi ere zonbait aldiz, jakin behar da joan den urtean, Frantziako eskoletan, milioi bat haur eta nerabek jazarpen egoera ezagutu dutela.

Segur da jazarpen maila ezberdinak direla bainan azken hamar urte hauetan beren buruaz beste egin duten 15 urtez petikako gazteen kopurua lau aldiz biderkatu da. Bada gogoetatzekoa! Eta hortaratu gabe, zenbat dira jazarpena jarraikia jasan dutenak eta bizi guziko markatuak direnak? Hain da min sarkorra egun guziez eta etengabe jasaiten duten menpekotasuna, batzutan fisikoki bainan gehienetan psikologikoki.

Sare sozialetan jazarpen ezin gelditua

Gazteen arteko komunikazioan sare sozialen garapenak hartu duen lekuak eragin handia du jazarpen fenomenoan.

Lehenagotik ere baziren menpekotasun harreman bortitzak bainan eskolako eremuan eta eskolako tenoretan mugatuak ziren. Sare sozialek muga horiek jauzarazi dituzte. Jazarpena jasaiten duenak ez du gehiago eskapurik. Menpekotasun agresioa segitzen baita arratsaldeko bost orenetarik goiti eta aste hondarretan ere bai sakelako telefonoaren bidez. Biktimari mezuak zuzenki igorriz bai eta ere argazki edo bideoak ikaskide komunitateari, ez delarik gehiago zabaldua oraino. Talde fenomenoa areagotu da eta sarean errana eta erakutsia dena hor egoiten da, ezin kendua.

Ondorio gutietsiak

Helduak ez gira beti ohartzen. Zerbaitetaz ohartzen bagira ere denborarekin pasatuko den haurren arteko jokoak edo kalapitak direla pentsatzen dugu, nun ez dugun ez ikusiarena egiten.

Jazarpena jasaiten duena aldiz ez da gehienetan menturatzen mintzatzea, salatzearen ondorioen beldurrez, isiltasun hesi batean kokaturik gelditzen da. Eta erasotzaileak berak ez ditu bere jestu eta erranen ondorioak neurtzen gehienetan. Taldean toki berezia ukaiteko egin moldea du. Talde fenomeno bat da ororen buru.

Isiltasuna hautsi, errealitatea erakutsi eta mintzatu

Menperatze egoera usteltzerat utzi gabe eta jazarpen egoeratik ateratzeko bideak badira.

Lehenik errealitateaz ohartu behar gira. Horretarako sentsibilizatze kanpaina bat abiatua da Frantzian, Youtuben aurkitzen ahal den "face au harcèlement" deitu bideo baten bidez. Bideo horretan jaz bildutako egiazko lekukotasun dorpeak erakutsiak dira harriturik eta hunkitua gelditzen den buraso talde bati.

Ondotik usteldu diren egoerak zuzendu behar dira hezkuntza komunitate osoa inplikatuz, nehor baztertu gabe. Bainan orokorkiago prebentzio neurriak hartu behar dira. Helburu horrekin lanean ari izan da Marshall Rosenberg psikologo estatubatuarra eta bitartekaria, komunikazio ez bortitzarako zentroa sortuz. Euskal Herrian berean, Zestoako Nerea Mendizabal psikopedagogoak segitu du komunikazio ez bortitzaren bidea, haur, buraso eta erakasle-hezitzaileekin. Hemengo hainbat ikastoletan erabilia da metodoa.

Danimarkako Fir For Mobberi metodoa

2007an Danimarkako eskoletan abiatu da Fir For Mobberi edo "larderiatik askatu" izeneko metodo globala, lau balore nagusi garatzeko helburuarekin: tolerantzia (denek badutela zer erran pentsatuz), errespetua (elgar entzunez), laguntza ekarriz beharra duten ikaskideeri, kuraia landuz (ezezagunekin lan eginez edo zuzenkontrako egoera salatuz).

Haurreri hitza hartzeko ikas ordu berezia badute astean barna bainan oinarrizko lau baloreak erakaskuntza prozesu osoan landuak dira, gai ezberdinetan eta erakaskuntza tenoretatik kanpo ere, aire hartze edo jateko tenoretan.

Ez da dudarik eskolako sartzea ongi eta baikorki pasatzen ari dela haur eta gazte gehienentzat eta artikulu hunen helburua ez da burasoen beldurraraztea bainan errealitatea ezagutzea, ez gorderik atxikitzea. Jazarpena jasaiten duten haurren onetan bai eta ere erasotzaileen eta orokorkiago jazarpen egoera bizi duten gazte taldeen onetan. Eskolan gertatzen ari dena gizartearen ispilua baita eta menpekotasunetik ateratzeko lehen urratsak eskoletan ikasten baitira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3752. zbk

Gure Hitza | 2024/09/12

Eskerrak hiru ongi egile zendu berriei

Jean-Louis Harignordoquy

Duela bi aste erranak errepikatu gabe, aldi huntako Gure hitza idatziko dugu agorrileko lehen egunetan gure iparraldeak galdu bihotz handiko hiru gizonez. Zinez merezi baitzuten. Hiruetan gazteena ginuen Ttale Ouret. Abantxu mende erdi batez mendiko artzaintzaren sustatzailea, urtean bietan alda egitera behartuak diren artzain xoilen egoera dorpea hobetzera saiatuz. Ondorio on bat ekarri du, gazte andana lotu baita artzaingoari. Ttalek azkarki akulatu ere ditu Garazi, Aezkoa eta Zaraitzuko jendeen arteko harremanak. Gure bazterrak emankizunetangrabaturik daude haren lekukotasunak. Luzaz, larunbat goizetan Irulegiko Irratitik hedatu ditu artzainen berriak. Diasporako euskal artzainen elkartea ere biziarazi du. Ikasgai asko euskaraz irakurgai utzi dizkigu duela bi urte argitaratu liburu hartan.

Adin handiagora heldurik zendu den Aita Ignace Etchehandy eihalartarrak Adrien...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016