Azalekoa | 2024ko Irailaren 19a
Ikertuz eta hedatuz, lurraldeko historia ezagutarazi
A.E.
Urriaren 11, 12 eta 13an Aldude, Banka eta Urepeleko ate idekiak izanen dira, gaia "bakartasuna eta transmisioa" izanen delarik. Besteak beste, Aldudarrak elkarteak lekuko historiari buruz dokumentala hasi du, ate idekien "transmisio" gai huntan kokatzen dena. Dokumental horretaz gehiago ikasteko, Mikel Erramouspe proiektuaren bultzatzailearekin bildu gira.
Lurraldeko historia ezagutarazi nahian
Aldudarrak deitu kultur elkarteak, duela 4 urte etxez-etxeko proiektu baten abiatzea erabaki zuen, lurraldeko historia ezagutarazteko asmoz. Oharturik lurraldeko historia ez dela ezagutzen, gutti edo batere ez delako erakasten, bideo dokumental bat sortzea erabaki zuen Mikel Erramouspek, "Aldudeko memoria irudiz" izena hartu duena. Hasierako ideia gaika bideo muntaketa egitea zen, ondotik jendeari erakusteko, baina saretik ala telebistatik pasa gabe.
Ikerketak egiten hasi eta, bildu artxiboetan pilotari buruzko irudi batzuk atzeman ziren, Mikel Erramouspe gaia sakontzen hasi zen orduan. Lan eta lan ibili da gaia ikertzen urte bat eta erdiz, eta ohartu da pilotaren inguruko dokumentazio ikaragarria bazela. Orduan, dokumentalerako pilotaren haritik ibiltzearen hautua egin zen. Dokumental bakar batean dena agertzen ahal ez denez, 50 minutuko 4 dokumental egitea erabakia izan da. Dokumentalak kronologikoak izanen dira. Euskaraz izanen dira, baina frantsesezko eta espainolezko azpitituluekin bi bertsio eginen dira.
Mikel Erramouspek proiektu horren gauzatzeko zailtasun handiak ukan dituela erran digu. Izan ere, bera da bideoaz eta muntaketaz osoki arduratzen. Aldudarrak elkarteak dituen kamera, mikroa eta drona erabiliak izan dira dokumentala egin ahal izateko. Lekuko enpresek diru laguntza ekarri diote proiektuari, eta horri esker ekipatu ahal izan dira.
"Nun habila Perkain"
Lehen dokumentalak Iraultza denbora ukanen du ardatz. Mikel Erramouspek erran digu Alduden nehork ez dakiela Iraultza denboran pasa dena. Historiako garai horretan Alduden sekulakoa izan omen zela erran digu proiektu hunen bultzatzaileak.
Garai hartan, Perkain deitzen zen pilotari mitikoa bazen, usutan bertsuetan aipatzen zena. Perkain hori nor ote zen xerkatzen hasi zen orduan Aldudarrak elkarteko kidea. Lagun historiazaleekin elkartuz, ohartu dira ez zekitela deus gauza segurik hari buruz. Perkainen garaiko Aldudeko gertakariak interesgarriagoak zirela atzeman zuten. Beraz, lehen dokumentalaren gidoia Perkainen gibeletik ibiltzea izan da. Horregatik, du lehen atalak "Nun habila Perkain" izenburua hartu.
Lehen ale hori urriaren 11n aterako da Alduden, urriaren 11, 12 eta 13an Aldude, Urepele eta Bankako ate idekien karira.
Dokumentalaren beste hiru aleak
Ondoko bizpahiru urteetan, beste hiru dokumentalak ateratzea da helburua. Bigarren dokumentalak XIX. mendea ukanen du aipagai. Bota Luze, Pilota soro, Laxoa, orduko baztandarren eta aldudarren arteko lehiak...
Hirugarren aleak, XX. mendea jorratuko du. Oraino bizi diren pilotarien lekukotasunen haritik ibiliko da, plaza libro,trinket,ezkerpareta, hots pilota lekuen historia eginez.
Laugarren eta azken partean, gaur egun pilota nola biziarazi daitekeen aipatua izanen da. Pilota kirola bakarrik ote den eta gure kulturarekin eta euskararekin zer lotura ote duen aztertua izanen da.
Dokumental horiek ez dituzte sarean hedatuko, ez eta telebistan ere. Nafarroako auzo herri batzuetan proiekzioak eginen dituzte, Perkain pilotaria han sortu baitzen.
Orohar, proiekzioak antolatuak izanen dira jendeek galdegiten duten lekuetan.











