Gogoa hazi | 2024ko Irailaren 19a
Eskerrak Afrikari
J-L.D
Afrika denen ama dügü: engoitik badakigü jentea han sortü zela düala hanitx urte, gero tandaka mündü osoala hedatü, emeki prefosta, hoinez beitzabilan. Oraiko üholde honen aitzinetiko immigrazione handia honarat heltü zen düala berrogeita bost bat mila urte. Jente modernoa ekarri züan, Cro Magnon deitüa Dordogneko harpe/karbe baten izenetik. Gure arbaso horiek obra ederrik ützi züen karbe famatü elibatetan: Dordogne hartako Lascaux, Baxe Nabarreko Otsozelaia, Landetako Brassempouy, Santander aldeko Altamira dira ezagünenak.
Hiri gotor batetara üngürü bat egiten dügünean, ikusten dügü lan bortitz, arriskütsü, zikin eta merkeetan ari direnak üsü larrü beltzaranekoak direla, apentziala hürrüntik jinak. Horien behar gorria dü Europako mündüak, hebenko jentea eskolatzen den heinean, ofizio gogor eta güti pakatüetarik ahal oroz hürrüntzen beita. Alta norbaitek lan nekeak egin behar dütü, güzien bizitzako nesesarienak beitira. Pandemia denboran ikusi da ofiziorik apalenak direla ütilenak, beharrenak, nahiz ber denboran mesperetxatüenak diren. Ikustate amiñi bat ez ote zaie zor langile ümil horier?
Kirolean ere hanitx zor dügü Afrikatik jin berri elibati, bereziki futbolean: etsenplütako hor dütügü Zidane, Thierry Henry, Mbappé bezalako izen handiak.Jokü Olinpikoetan halaber ikusidügü koloreko jenteen ekarpen ederra, eta Frantziak bereziki medaila hanitx zor deie.
Gainera erretretak nork pakatü beharko dütü ondoko hamarkadetan? Xaharren herroka lüzatzen ari zaikün ber denboran, laneko adinean direnena behera doala nornahik ikus dezake. Zergatik agitzen den ere agerian dago: Europako, Frantziako, Eüskal Herriko familietan gero eta haur gütiago sortzen. Hortan ere Afrikatik horra zaizkünen behar gorria dügü. Prefosta badakit ene denbora joantxerik dela, bena beste hanitxek bezala, arrahaurrer pentsatzen düt: aski langile behar date erretreta sistemaren hazteko, diharü kütxaren hilabeteka betatzeko.
Orai apezak ere Afrikatik behar dütügü. Düala urte güti, eüskaldünak Afrikalat misionist bazoatzan zione nasaian, batak builta batentako, besteak bizi osoko. Hona non orai Afrikatik hanko apez elibat horra zaizkün ber gisako zerbütxüaren egitera, xühürtü zaizkün apez eüskaldünen laukünatzera, non ez den ordaritzera. Bai, sail hortan ere Afrikaren behar gorria dügü. Egia da Moisa hankoa zela: gure lehen argizalea, bereziki Jinkoaren hamar manüekin. Fedean ere, eskerrak Afrikari.










