Han eta Hemen | 2024ko Irailaren 19a
"Euroeskualdeko Berrikuntza" proiektu deialdia
"Euroeskualdeko Berrikuntza" proiektu deialdia abiatu du Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdeak irailaren 9tik urriaren 17ra. Orotara, 400.000 euro banatuko dira Euroeskualdeko osasun, fabrikazio aitzinatu, laborantza, energia berriztagarri, etxebizitza jasangarri, sormen eta kultur industria sektore estrategikoekin zerikusia duten proiektuei.
Proiektu deialdia
Euroeskualdeak irail hasieran abiatu du "Euroeskualdeko Berrikuntza" proiektuen deialdia, 400.000 euroko aurrekontuarekin, urriaren 17an bukatuko da. Deialdi hunek hiru lurralde administratiboetako espezializazio adimentsuko bereziekin (RIS4) bat egiten duten sei sektore estrategikoetako proiektuak eta eragileak bultzatzen ditu. Aurtengo leloa "Urrunago iristeko lankidetzan aritu" da. Proiektu-deialdiak Euroeskualdeko ekonomia lehiakorra garatzen laguntzen du. Hiru lurraldeen arteko osagarritasunean eta sinergietan oinarritu lankidetza-proiektu bultzatzaileak abiatuko ditu.
Helburuak
Arola Urdangarinek, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdeko zuzendariak azaldu du deialdi honen bidez, helburua Euroeskualdearen garapen lehiakorra indartzea zela. Izan ere, eraldaketa digitalaren testuinguruan, iraunkortasunean, ezagutzaren sorkuntzan
eta berrikuntzan oinarritu espezializazio adimenduna sustatzea da helburua, bai eta ekonomia zirkularra bultzatzea ere. 2024an, Euroeskualdeak bere sei sektore estrategikoetan lortu emaitzekin segitu eta sakondu nahi du: osasuna, fabrikazio aitzinatua, laborantza, energia berriztagarriak, eraikuntza jasangarria eta sormen eta kultura industriak. Horretarako, mugaz gaindiko lankidetza indartuko da, berrikuntza teknologikoa babestuko da eta praktika iraunkorrak hartuko dira.
2015ean sortu zenetik, "Euroeskualdeko Berrikuntza" proiektu-deialdiak 51 ekimen lagundu ditu, orotara 4,1 milioi euroko zenbatekoarekin. 2023an, Akitania-Berriko, Euskadiko eta Nafarroako hiru aldeko partzuergoek aurkeztu 22 proiektuetatik 7 finantzatuak izan ziren.
Informazio gehigarriak
Proiektuen prestaketa eta kudeaketa errexteko, sustatzaileendako gida www.euroregion-naen.eu webgunean aurki daiteke. Gida hunek informazio praktikoa ematen du etapa bakoitzerako, eskaera egiten denetik proiektua bukatu arte. Irakurtzeko eta barneratzeko errexa izateko diseinatua izan da, ikuspegi praktiko batekin. Webgune hartatik hautagaitzak aurkeztu behar dira.
Abenduan erabakiko da, hautaketaren berri ukan eta, proiektuaren iraupena ez da 18 hilabete baino luzeagoa izan behar eta gutienez %20z autofinantzatua izan behar da.












