Euskal diaspora | 2024ko Irailaren 19a
Diasporaren Eguna, Colorado, Tolosa eta Montpellier-ko euskaldunak
Joseba Etxarri
DIASPORARI GORAZARRE. 2018an lehenengoz ofizialki ospatu zenetik huna, sei urte eta zazpi edizio bete ditu "Euskal Diasporaren Eguna"-k; irailaren 8aren inguruan ospatu da urte guziz, euskal diasporaren besta-egun eta aldarri gisa, munduari "hemen gira munduko euskaldunak", eta "munduan barreiatuta bizirik ere, atxikiak gira, euskal lengoaia, kultura eta euskal gogo eta emeia ditugu bihotzean, eta guk Euskal Herria gogoan dugun bezala, Euskal Herriak gu gogoan ukaitea nahi genuke, Euskal Herriak lagun gaitzan gu eta gure ondokoak atxikiak segitzen, inor bada gu baikira euskara, euskal kultura eta euskaltasunaren adierazgarri eta erakustaile munduan". Sareak hain garrantzitsuak diren mundu modernoan, sare eder eta atxiki baten eskaintza zintzoa egiten dute, elkarren lagungarri. Edozoin kultura eta naziorendako urrezkoa zatekeen eskaintza eta aukera, baina hitzak gehiago izan daitezen ekintza falta, plangintza sendo eta pario finko bat medio gauzatzea eta lan eginaraztea egiazko indarra den hori. Gure hautetsi eta agintarieri galdeginik gidari izatea egiazki, Diasporatik galde ari baitira, guk Euskal Herrian, gure zatia egin dezagun hitzetatik haratago. Hau guztia, munduan Diasporaren Egunean antolatu eta egin diren ehun hitzorduetatik goiti galdegin digute, entzun nahi duenarendako.
GRAND JUNCION. Jakina denez, Coloradon da Grand Junction, eta egun euskal etxe bat ere bada estatuan, Colorado Euskal Etxea, Mayi (Berterretche) Petracek buru duena. Euskal Historia aberatsaren jabe ere badira Grand Junction eta ingurua. Batetik, lurra Estatu Batuetako parte izatera pasatu zelarik, Ar(e)chuleta kapitaina bezalako euskaldun batzu tarteko. Oroitu hor dela baita ere, Coloradon, Estatu Batuetako Durango hiria. Eta euskal artzainak ere ibili zirela, Grand Junction, Fuita, Montrose, Telluride, Cimarron eta beste hainbat herritan. Ardi arrantxuak sortu ziren, eta euskal ostatuak. Eta baita lehenengo euskal elkarte bat ere. Izan ere, bi pertsonaia berezi aipatu beharko bagenitu bertako euskal historian, Emmet Elizondo eta Jean Urruty aipatuko genituzke, sunbildarra lehena eta donazahartarra Urruty. Urrutyk Grand Junctionen eginarazi zuen euskal pilota kantxan, ekitaldi berezia eginen dute helduden larunbatean euskal kulturaren gorazarre. Eta Mayi omenduko dute, bizitza osoan euskaldun atxiki eta zintzoa izan delako, eta anitz urtez hala segi dezan. Aipatuko dugu gehiago heldu den astean. HERRIA ere han izanen baita, esker emaile.
TOLOSA, MONTPELLIER. Bestan dira baita ere buruil huntako hondarreko asteburuetan Tolosako (Colomiers) Denak Bat À¢'€'"70 urte betetzearen karietaraÀ¢'€'" eta Montpellier-ko Eskualdunak euskal etxeak. Montpellier-koek heldu den asteburuan ospatuko dute besta handi batez; eta Tolosakoek, ondokoan, programa berezi batez, 70 urte baitira euskal kultura eta euskaldunen aldeko lanean. Zorionak heieri ere, ondoko asteetan mintzatuko gira heietaz.











