Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Irailaren 19a
Hiribehere Sokorrondo auzo batzordea - Ondarearen egunak - Kantaldi
Hiribehere Sokorrondo auzo batzordea
Joan den ortzegun arratsaldean iragan da Gaztelondoan Nicole Mouesca hautetsi erreferentearen eta Katia Drieux lehendakariaren inguruan, 25 parte hartzaile zirela, gehienak Sokorrondo aldetik etorriak. Hiribehereko karrikaren obrak aipatu dira lehenik. Atzerapen doi bat hartu badute ere oporren eta beste orduz aro txarrarengatik, orain aitzinatuak dira, espaloiak dira bururatzeko gelditzen. Hautetsiak segurtatu du lanen bukaera urriko hilabetean izanen zela. Hiribehereko su gorrien koordinaketak arazo zonbait sortzen ditu, ez baitira beti errespetatuak. Bi herriko bide eta departamenduko bide horren juntan ez da beti errex su gorri horien ibilmoldearen ulertzea, tenore batzuetan oso desberdina baita. Leihorrondoko bidearentzat izan diren galdeeri erantzuna emana izan da ez direla lanak segidan hasiko, saneatze lan gotorrak baititu bide zola berritu aitzin. Sokorrondo aipatzean hortik etorriak zirenek salatzen dute beti Herriko Etxeak doi bat ahanzten dituela. Salesenbordako bidea berritua izan bada ere (ez denek nahi luketen bezala), lanen segidak ez dira 2025ean baizik hasiko. Eskatzen ere dute autobus geldi gune bat gauzatua eta segurtasun osoarekin seinalatua izan dadin Milafrangako bidean, ikastetxetarat doan haur kopuruarengatik. Bide hortan herriaren, Euskal Elkargoaren eta departamenduaren zereginak ez dira beti konpontzeko errexak. Agian ez da istripurik izanen. Internet sarearen ahuleziak ere etorri dira azken mintzagai. Hortaz arduratzen diren erakundeek ez baitituzte lanak ondo eremaiten. Lan batzu eginak izan beharko lirateke heldu den otsailerako. Auzo batzordeak ondoko biltzarra finkatu du abendu hastapenerako.
Ondarearen egunak
Ondarearen egunak iraganen dira hiru egunez hiru toki desberdinetan. Lehenik Haltya jauregiaren 150 urteren ospakizunek segitzen dutela, barne kanpoen bisita gidatua eginen da ortzirale huntan 20an (17:00-18:00); ondotik (19:00) Marie Christine Amestoy andereak, jauregiaren historia ongi ezagutzen baitu, mintzaldia eginen du frantsesez. Tokiak mugatuak baitira erreserbatzeko deitu daiteke zenbaki huntara: 06-23-31-27-45 edo zuzenean Haltya jauregirat.
Biharamunean irailaren 21ean ondarearen egunak segituko du San Frantses kolegioko kaperan. Goizean (10:00) hasiko da euskarazko mintzaldi batekin, arratsaldean aldiz (15:00) mintzaldia frantsesez eginen da. Bi mintzaldi horiek Marie Christine Amestoyek segurtatuko ditu. Arratsaldean (16:30) kantaldia iraganen da Enarak emazte koruarekin. Tokia bada eta ongi etorri deneri.
Igandean 22an Haitze jauregiaren aldi. Hiru bisita gidatu izanen dira frantsesez Carlos de Laborde Noguez jabeak segurtatuko dituenak (10:00, 14:00 eta 15:00). Artean goizean (11:00) Jean Yves Roques mintzatzaile olerkariak mintzaldia frantsesez eginen du lema hunekin, "Surrealismoa 100 urteren buruan". Parte hartzeko izen emaitea baitezpadakoa da telefono huntara deituz: 06-23-31-27-45.
Kantaldi
Ortzirale huntan besten karietarat kantaldia izanen da Arruntzako elizan (19:30). Entzunen dira biarnes eta euskal kantuak. Kantari taldeak dira Botakantu eta Cantem Las. Sartzea 10 eurotan finkatua da. Ondotik zintzur bustitzea eta jendeak parada ukanen du paella on baten jastatzeko.











