Ba ote dakixu? | 2024ko Irailaren 19a
Liberazioa (3/3)
Gilen Bacho
1944ko agorrilean, alemaniar okupazioaren lau urte luzeren ondotik, Liberazioaren tenorea zen ipar Euskal Herriarentzat baina ere gaur deitzen dugun "Akitania Berria" lurraldearentzat, non erresistenteek bakarrik, aliatuen armadaren laguntzarik gabe, borroka eraman zuten.
Akitaniaren libratzea
Izigarrikeria jasan ondoan, Tulle agorrilaren 16an libratua izan zen eta Corrèze eskualde osoa 22an. Agorrilaren 19an, Agen eta Périgueux libratuak izan ziren (bi hilabete lehenago, Dordoinako erresistenteek balentria handia kausitu zuten nazien kontra, Neuvic-eko trenaren armamendua arrobatzearekin), Paue 20an eta, agorrilaren 21ean, Georges Guingouin komunista liderraren gizonek Limoges libratu zuten. Ber egunean, Landesetan, erresistentziak Mont-de-Marsan libratu zuen. Goizean, alemaniarrak Landesetako prefekturatik abiatu ziren Akizeko bidea hartuz. Eguerditan, Herriko Etxearen aitzinean, Mont-de-Marsaneko biztanleek hiriaren libratzea ospatu zuten baina arratsaldean beldurrezko informazioa hirian barna hedatu zen, alemaniarrak berriz itzultzen zirela! Hirian desfilatu zuten erresistenteak fite hiriko sartzera abiatu ziren, Bats-eko zubiaren inguruetara, alemaniarrak Akizetik heldu baitziren. Bataila zinez gogorra eta odoltsua izan zen, arratsaldeko 6etatik gaueraino, zeinean lau erresistentek haien bizia utzi zuten: Anthony Mellows britainiar kapitaina (erresistentzia laguntzeko igorria izan zena), Marc-Hubert Croharé kapitaina (bere alaba galdu zuena martxoaren 27an, aliatuek Mont-de-Marsaneko hegazkin basea bonbardatu zutelarik), Jean-Marie Clapot axudant-burua eta André Siot axudanta. 200 bat erresistentek, ahulki armatuak alta, 300 soldadu alemaniar gibelarazi zituzten. Alemaniarrak Akizetik abiatu ziren 23an. Bordele agorrilaren 28an libratua izan zen baina Akitania ez zen oraindik osoki libratua, alemaniarrek beti okupatzen baitzuten Arroxela eta Royan-eko lurraldea, Ré uhartea eta Graves-ko lurmuturra. Erresistentziak eta aliatuek ofentsiba handia eraman zuten 1945eko apirilean lurralde horien libratzeko, partikulazki Graves-ko lurmuturrean, zeinean Gernika euskal dibisioa heroikoki borrokatu zen.
Pariseren libratzea
Frantzian, Liberazioa aipatzen delarik, lehenik Pariseren libratzeari pentsatzen da eta egia da, estatu hain zentralizatu batean, gertakari izigarri inportanta izan zela. Egia ere ez zela amerikanoen lehentasuna, baina erresistentziak piztu zuen jazarraldiak (aliatuek ez zuten alemaniar errepresioari bide librea utzi nahi Varsovie hirian bezala) eta De Gaulleren presioak Einsenhowerri buruz amerikanoen ikusmoldea kanbiarazi zuten. Agorrilaren 18an, Rol-Tanguy koronelak, FFIko komandanteak, jazarraldira deitu zuen. Afixak Pariseko karriketan ezarriak izan ziren. Batailaren biharamunean hasi zen. Pariseko poliziako 2.000 gizonek jazarraldiaren aldea hartu zuten eta poliziako prefektura hartu zuten. 21ean, FFIko gudariek zuten Herriko Etxea hartu. Su-eten hauskor bat negoziatua izan zen alemaniarrekin baina 22an hautsia izan zen eta Hitlerrek Von Choltitz Pariseko alemaniar gobernadoreari Parise suntsitzea manatu zion. Ber mementoan, De Gaullek Einsenhower konbentzitu zuen eta Leclerc frantses jeneralaren 2. dibisio blindatuak Pariseko bidea hartu zuen. Paperak airetik igorriak izan ziren Pariseko karriketara hitz hauekin: "Atxik! Heltzen gira". 24ko gauean, "La Nueve"-ko gizonak (espainol eta euskaldun errepublikano gudariak) Parisera sartu ziren Italiako atetik eta Herriko Etxean instalatu ziren. Biharamunean, Von Choltitzek kapitulazioa sinatu zuen Leclerc-en aitzinean. Arratsean, De Gaullek, Herriko Etxean, historian sartu ziren hitzak erran zituen: "Parise laidoztatua! Parise hautsia! Parise martirizatua! Baina Parise libratua!" 2.000 erresistente eta 200 frantses eta amerikano soldadu hil ziren Frantziako hiriburua libratzeko. Baina gerla ez zen batere bukatua, Estrasburgo bakarrik azaroaren 23an libratua izan zen, eta Leclerc dibisioko gizonek, aliatu tropek eta erresistentziako gudariek borroka segituko zuten, Alemania arte, oraino hilabete anitzez.











