Mundu zabalean | 2024ko Irailaren 19a
Meatzari industriak ondareari kalte egiten
M.O.
Erregai fosilak erauzteko proiektuak geldiarazteko deiak mundu osoan zabaltzen dira, bitartean enpresa handiek segitzen dutenean. Bankuek eta inbertitzaileek finantza baliabide ikaragarriak emaiten jarraitzen dute. Zortzi urtez munduko 60 banku handienek erregai fosilen industriara 7.000 miliar dolar bideratu dituzte. Horren kontra mugimendu anitz borrokatzen dira, lurralde batzuetan ondorio larriak eragiten dituelako.
Mundu osoan mobilizazioak
Agorrilean, Argentinan, Mexikon, Portugalen, Frantzian, Espainian, Serbian eta Alemanian, milaka pertsona meatzaritza proiektuen kontra mobilizatu dira, lurralde anitzetan bizi-baliabideak suntsitzeko mehatxu pean direlako. Zabaldu mezuan zioten: "Erauzketa proiektuak sortzen direnean, estatuek sistematikoki printzipio demokratikoak eta informaziorako eskubideak urratzen dituzte. Populazioak kontra egiten duenean, estatuak indarkeria polizialaren eta judizialen bidez erantzuten du. Horren parean, kolektiboak eta elkarteak antolatu behar dira".
Meatzari industriak, zenbait lurraldetan, bereziki populu indigenak bizi diren tokietan, kalte handiak eragiten ditu: toxikoen isurketak, kutsadura, metal pisuez kargatu urak... Gehienetan kaltetu lurrak laborantzarako erabilgarriak dira, betirako suntsituak dira. Beste ondorio bat badu, ondarearen desagerraraztea, Australiako adibidea atzeman dugu.
47.000 urteko historia: meatzari batek suntsitua
2020ko maiatzean, Juukan-eko harpeetan, Australia mendebaldean, burdin mineral meategia zabaldua izan da, ondorioz arkeologiako aztarnategi bat suntsitua izan da. Tragedia bat indigen populuarentzat, harpe horien paretetan duela 47.000 urte jendea hor bizi izan zela arkeologoen ikerketek frogatzen baitzuten.
Rio Tinto meatzari anglo-australiarrak, Puutu Kunti Kurrama populazioaren lurraldean kokatua, Juukan babesleku arrokatsua suntsitu du. Obra horiek haserrea eta etsipena sortu dute, ez bakarrik yoki tokiko herritarren baitan, baita ere nazioartean. Australiako legediak, bertako kultur-ondarearen babesari dagokionez, hutsune larriak agerian jartzen ditu.
Betirako suntsipen konponezina
Eskandalua Australiako mugetatik haratago zabaldu da, mundu osoko giza, zientzia eta herritar taldeek "2020ko bandalismo kultura" bezala gaitzetsi dute.Rio Tinto multinazionala ez da kaltegabe atera, ondorioz bere bezero eta inbertitzaile batzuen konfiantza galdu du. Iritzi publikoaren eta populazio indigenen presioari erantzunez, Australiako gobernuak leku sakratuen babesa indartzeko eta erabakiak hartzeko orduan tokiko populazioari botere gehiago emaiteko erreforma batzuk plantan jarriko ditu. Nahiz legegintzan aurrerapausoak eman, nahiz Rio Tinto meatzariak galtze ekonomikoak jasan, zigor ofizialak mugatuak izan dira. Mehatza enpresari agindua izan zaio kalte-ordainak pagatzea. Baina diruak ez du kultur-ondarearen galtzea ordainduko. Juukan 2 izendatu gune arkeologikoak ez zuen preziorik, duela 47.000 urte inguru jendea hor bizi zela erakusten baitzuen.
Atzeman altxorra betirako galdua
2014an egin miaketetan, lekua suntsitu baino sei urte lehenago, milaka gauza adierazgarri bazirela agertu ziren: tresnak, lehergailuak, animalien gorpuzkiak... Gorpuzkien artean, duela 3.000 urte inguru jende baten ile txirikorda (treza) identifikatu dute. DNA analisien arabera, Puutu Kunti Kurrama herriko jende batena da. Adituek adierazi dute: "aztarnategi arkeologikoak ez dira azterketa soilak bakarrik, historiaz eta emozioz betetako lekuak ere dira, giza balio ukaezinagatik errespetatuak eta babestuak izaitea merezi dute". Juukan Gorge arbasoetako baten izenarekin bataiatua, Puutu Kunti Kurrama populuarentzat ikerketa-gaia baino anitzez gehiago da, nortasun kulturalaren funtsezko zati bat ere da desagertu.
Juukan Gorge harpeak
Leku hori aire zabaleko entziklopedia izan denez, etorkizunean harpearen suntsipenak ondorioak ukanen ditu. Labar-pinturek, tresnek eta hezurrek Puutu Kunti Kurrama herriaren bilakaera kultural eta teknologikoa nolakoa zen erakusten zuten.
Gorpuzki, aztarna eta tresna horien suntsitzeak, historiaren eta nortasunaren funtsezko zati bat betirako xehatua izan da. Industrial aberatsen egarria asetzeko, populu baten historiaren parte bat desagertu da, trauma kolektiboa populazio batek jasan behar duena.
Geroa?
Tragedia hunek agerian uzten du herri indigenen ondare kulturalaren hauskortasuna interes ekonomiko pribatuen alde doala.
Suntsitu zenetik, ikertzaileek miaketak berriz hasi dituzte. Azken bi urteetan, 150 metro kubiko hondakinak kenduak izan dira. Azpian, materia organikoak aurkitu dituzte, bai eta harpearen jatorrizko aztarnak. Ile-txirikorda berriak, itsasoko perlak eta "Tasmaniako deabruaren" matelezurraren zatiak ere atzemanak izan dira. Tasmania Australiatik duela 3.000 urte baino gehiago desagertua den animalia da.
Meatzaritzak ondorio konponezinak baditu ere, ikertzaileak ez dira etsituak. Arkeologoek diote 2014ko emaitza horien argitalpena, Juukan 2ko arkeologiako atal berri baten hastapena baizik ez dela.











