Gure Hitza | 2024ko Irailaren 19a
Zer da kirolari ona izatea?
Ainhoa Etchenique
Joko Olinpikoak anitz aipatu dira, sustut medaila anitz irabazi dituzten kirolariak. Kirolari batzuen balentriak behin eta berriz aipatu dira, batzuek betirako historia markatzen lortu baitute.
Kirolari onenaren izena baizik ez da entzuten, argi guzia beregainean emana da. Nehork ez du pentsatzen ilunean diren kirolari horiei, egun batean kirolari onenaren leku horretan egoteko urte luzaz gogor entrenatzen direnei, maila horretara sekulan iristen lortu ez dutenei,...
Ni arraunlaria naiz. Aurten nire bigarren sasoia izan da lehen mailan. Joan den urtean, 10 hilabetez astean 6 aldiz entrenatu nintzen, azkenean ligan 3 aldiz bakarrik arraun egiteko. Ordezkaria zirenean aurpegi ona eman behar diozu entrenatzailearen erabaki guziei, erakutsi behar diozu beti motibatua zirela, entrenamendu guzietara etortzen segitu behar duzu,... Ordezkariek titularrak lagundu behar dituzte, ontzia uretaratzen lagundu behar dute, titularrak animatu behar dituzte, materiala garbitzen eta biltzen lagundu behar dute, titularrak ahalik eta guttien akitzen entseatzen dira. Batzuetan entrenatzailearen hautuak ez dituzu ulertzen, edo egiten duenarekin ez zira ados, baina egun batez lehiaketa batean arraun egin nahi baduzu, isildu behar zira eta onartu, beti ere aurpegi ona erakutsiz. Jakin behar da entrenatzaileak ordezkarien artean preferentziak dituela, eta iaz, bere ordezkarien artean azkenetariko hautua nintzen. Ez da errexa izan batere, Oriora joaten nintzen astean sei aldiz, uretan beti entrenamendu erdiak egiteko edo batzuetan entrenamendu guzia lehorrean egiteko.
Zein gogorra den kirola! Eta holako kasuak, badira milioika!
Badira xantzaz hasieratik titularrak izaten lortzen duten kirolari batzuk, ordezkari izatea zer den jakinen ez dutenak. Eta badira beti ordezkari izan eta izanen direnak, gogor entrenatzen direnak, titularrak baino gogorrago batzuetan, eta hala ere sekulan lortuko ez dutenak. Nik uste dut kirolari horiek dutela meritu handiena, kirolari eta pertsona onak baitira, mentalki biziki azkarrak direnak. Baina nire ustez merezi du borrokatzeak, lotzeak, eta urtero entseatzeak.
Aurten, titularra izaten lortu dut, estropada guzi-guziak jokatu ditut, 16 estropada 16 estropadaren gain. Eta ez naiz gezurra erraten hasiko, dena da desberdina titularra ziren momentutik. Beste ikuspegi bat duzu, dena da errexagoa. Pentsatzen dut on egin didala joan den urtean ordezkari izateak, nahiz eta momentuan biziki zaila izan den, indartu egin nauelako eguneroko bizian. Aurten deus irabazi ez badugu ere, titularra izaten lortu izana da nire garaipen handiena.
Umiltasuna da nire ustez kirolaren balore inportanteena, nundik heldu giren jakitea nora joaten giren jakiteko. Zeren eta azkenean, zer da kirolari ona izatea?










