Orotarik | 2024ko Irailaren 19a

Kukumarro

Xarles Videgain

Laminosin eta Osin Makhurre: erreka iresle

Bunuzen eta Larzabalen entzun dudana kontatzera noa. Gertatzen baita lurrak eta urak gizakia irensten ahal duela, istorio edo mito zaharren arabera. Oztibarren bi ur zilo ezagunak badaude gizakiarentzat lanjeros direnak.

Laminosin ziloa aski aise ikus daiteke Ibarlako erreka ttipian. Aldiz Osin Makhurre ez da berehala harrapatzen Bunuzeko uhaitzean. Bietan jendea hil omen da.

Bunuzen Osin Makhurren galdu zen gizonaren alabatxia zen istorioa kondatu zidan anderea. Beraz gertakaria agitu zen joan den mendearen hatsarrean.

Osin Makhurre ziloa Bunuzen Elizai etxetik urrun ez omen da. Osin diogularik erran nahi dut urez bete den ziloa dela (ez da leize bat) eta makhur dela diogularik, haren itxura ez dugu aipatzen baina gaiztoa eta kaltegarri dela diogu. Deus ez du onik.

Horra laburturik bunuztar andereak errana bere senarrarekin ari ginelarik solasean.

Nik (X Videgain): Ibarlan dea Osin Makhurre?

Senarrak: Ez, ez, osin, Laminosine dun hua. Osin Makhurre hor dun Elizaiko zola hortan.

Andereak: Elizariko zola hortan, eta Laminosine nik intzutia ukhan tzit itsasadarra badela hor nunbeitik.

Senarrak: Egarriaekin haat sartu ta gio han sartu bere orgaekin.

Nik: Eta Osin Makhur?

Senarrak: Osin Makhur hortxe uzu.

Nik: Eta makhur zergatik? Lanjer edo...

Andereak: Ba lanjerosa, Osin Makhurra... Han etzu gune batetaik pollikiño bezik pasatzen ahal nehor e gune hartan, bildia zira, hurak biltzen...

Nik: Bena ezta jenderik izan itorik?

Andereak: Ithoik ez, lehen gure amatxin aita zena, antxu bildotsein xeka, martxoan bildotsak biltzen bitira, eta joan eta bethi makhila txar batekilan igande egunaekilan bildotska joan zun eta etzuzun gehio agertu eta zonbeit egunen burian makhila hura, ibili zitzun pentsatzaile eta denak, makhila, hak eskian zien makhila hurain gainian hatzeman zizien, ta ithoa omen zun na sekhulan etzie hatzeman!... Bildotska joana zuzun, bere zerez, eta han tronpatia, pasatzian, hunek erraiten bitu pasatzeko gaixtoa dela lekhu hori...

Bunuzeko istorio honen arabera, iduri luke beraz bildotsen ondotik joan gure gizona osin horrek irentsi zuela. Erran gabe doa ez zuela bere buruaz beste egin, bildua izan zen eta betiko desagertu zen.

Aldiz, beste lagun batek Osin Makhurre aipatu ondoan Laminosin ziloa ez zela gauza bera erran zidan. Horra haren hitzak, eni toka emanak: Hortxe bauk erreka, Biduze, Larzaale eta Munuzen artian bauk, Osimakhur erraiten diakoie, gunian bauk des remous, eta gio han iresten diela... Erten die Ibarlan osina, Laminosina. Han erraiten zitean gizon bat lokhartu merkhatutik heldu zelaik, eta behi-orgekin eta hua lo orgetan eta behiak hura sentitu hurerat joan eta behiak, orgak ta gizona denak iretsi zitian... Eta erten die denbora batez kraxatzen ziela lastoa edo ogi-ahotza, eta Españan zertia hor jelgia zela, Españan igana izan eta hor jelgi zela.

Gauza bera kondatu zidan beste adiskide batek: Hemengo erreka uxu, Lamiñosin hori, osina, osina, xilho handi bat uxu hurian, osina erten duxu zilho handi bati, eta ikhusten duzulaik hura barna.

Nik (X.V): Hemen badira ziloak?

Lagunak: Ba, ba txu errekan e, bena hua re, osina duxu, zilho handi bat bita, eta lamiñak, Lamiñosina erten ziakoxu hori. Intzun dizit baizik eta ahotzak ikusi zituztela jalgitzen, ogi-ahotza, baakixu "les balles de blé" eta ordian hua suposatzen dixie nunbeit biziki urrundik heldu dela... Ba, hala bazen, nork ikhusi du? Gio, hur hori, denek dakiguna, baziakixiu, konparazione agorrilan, idorteik handienian, berdin handituko ixi bere debita, bietan edo hiruetan... Hori heldu lukexu biziki urrunian euri eiten bitu ono, hemen e jin gabe hurrunian, beste batzuk aldiz itxasoak e badiela komunikazione. Hor duxu erreka, etxu hurrun gio, segitzen ahal duxu.

Nik: Zer izena du?

Lagunak: Lamiñosine.

Beraz Laminosinek gizon bat bere idiekin eta orgekin behin bildu zuela diote. Eta gertatzen da artetarik ura biziki indartsu etortzen dela idorte denboran ere eta Nafarroan moztu ogiaren ahotza (ahotza da ogi bihiaren inguruko estalgi mehea) igortzen duela kanpora. Dudarik gabe bazelakoan lurpeko bidea bi Nafarroen artean. Bitxi atzematen dudana da istorio horietan guzietan Laminak ez direla agertzen salbu lekuaren izenean. Eta ohargarri da ere Ibarlako Laminosin ezagunago dela Osin Makhurre baino.

Ororen buru, Grezian edo Pireneotan aipatzen diren istorio bertsuak kondatzen dizkigute oztibartarrek. Entzun dut ere Arlakondon badela beste zilo bat bainan non ote den ez dakit. Plazer handiz jakin nuen Bunuztar Xoriak batasunaren inguruan Laminosin deitu ikusgarri gaitza eman zutela Oztibarreko gazteek elegantzia handiz. Nolazbait gure herritarren jakitatea eta memorioa txertatzeko da horrela ondoko belaunaldietan. Horra hemen idatziak orain arte ahoz aho baizik erranak ez zirenak.

Horrekin ez dut erran memorioa galtzen ari direla gure lagunak. Batere. Hoztan norbaiti aipatzen niolarik istorio horiek ahanzten zituenetz, horra nola despeditu ninduen: Bena othoitzak beno hobeki atxikitzen gintzin hoiek.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2024/09/19

Joset Elizondo Ortxixeneko semearen heriotza (1959-04-24) I

Mixel Mendiboure

Duela 65 urte hil zen Senpereko Ortxixeneko Joset Elizondo, moto-istripuz (omen), Bortz Kantoinetatik hurbil, Olha kartierraren parean. Josetek 25 urte zituen. Bere heriotza ez zen sekulan argitua izan. Anitzek istripuz hil zela sinetsi bazuten ere, bertze batzuen ustez, partikulazki familiaren ustez, hilketa bat izan zen.

Denbora hartako giroa zonbaitetan zoin bortitza zen ikusteko, huna bertze etsenplu pare bat. Sarako Jean Fagoagak kontatzen du nola bere anaia Paul Amotzeko neska batekin hasi zen ateratzen, etxerakoan, Herburua parean, hiru gizon atera zitzaizkion makilekin, geldiarazi, eta bere 2CV autoaren kapotea mazitu zioten. Beldurtua, neska harekin ibiltzea utzi behar ukan zuen.

Hauteskunde denborak, halaber, aski beldurgarriak ziren, eta afixa-zabaltzeetan kolpeak ez ziren falta, besoa edo kostilak hausteraino. Bestetan ere, kolpe partidak izaten ziren herrietan.

Gertakariaz

Gertakaria 1959ko apirilaren 24an gertatu...

Irakurri segida

Orotarik | 2024/09/19

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20bazterretik

Beste mailen sartzea

Irailaren 3an, asteartez, txirrina jo duelarik, 271 ikasle kanpoko eremuan ziren.

Alde batetik, seigarreneko ikasleak haien kurtsoetara joan dira.

Bestalde, besteek, bost, lau eta hirugarrenek haien sartzea egin dute.

Zuzendaria den Eneko Irigoyenen hitzaren ondotik, irakasle arduradunek beren ikasleak deitu dituzte.

Bi orduz, haiekin egon dira aurtengo plangintza ulertzeko. Beste orduetan, lanean berehala hasi dira.

Nahiz eta eguraldia euritsua ukan duten, giro onean iragan da eguna!

Kolegioa prest da! Sartze on deneri!

...

Irakurri segida

Orotarik | 2024/09/19

Haziak idazle

Melina Moyer, Maiana Madrid, Lara Rossner, Lola Echeverria San Mixel Garikoitz kolegioa, Kanbo 4. zikloko irabazleak - taldeka

Haziak%20idazle

Euskal Haziak elkarteak urtero idazketa txapelketa antolatzen du. Aurtengo gaia "Hitza ahoan" da: hitz arraroak, hitz galduak eta hitz bakanak erabili behar ukan dituzte idazleek!

Irakurri segida

3753. zbk

Gure Hitza | 2024/09/19

Zer da kirolari ona izatea?

Ainhoa Etchenique

Joko Olinpikoak anitz aipatu dira, sustut medaila anitz irabazi dituzten kirolariak. Kirolari batzuen balentriak behin eta berriz aipatu dira, batzuek betirako historia markatzen lortu baitute.

Kirolari onenaren izena baizik ez da entzuten, argi guzia beregainean emana da. Nehork ez du pentsatzen ilunean diren kirolari horiei, egun batean kirolari onenaren leku horretan egoteko urte luzaz gogor entrenatzen direnei, maila horretara sekulan iristen lortu ez dutenei,...

Ni arraunlaria naiz. Aurten nire bigarren sasoia izan da lehen mailan. Joan den urtean, 10 hilabetez astean 6 aldiz entrenatu nintzen, azkenean ligan 3 aldiz bakarrik arraun egiteko. Ordezkaria zirenean aurpegi ona eman behar diozu entrenatzailearen erabaki guziei, erakutsi behar diozu beti motibatua zirela, entrenamendu guzietara etortzen segitu behar duzu,... Ordezkariek titularrak lagundu behar dituzte, ontzia uretaratzen lagundu behar...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016