Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Azaroaren 14a
"Amikuzeko eskolen topaketa" - "Bihotzeko Ostatuen aldeko kantaldia" - Animazio eta prebentzio egun handia
"Amikuzeko eskolen topaketa"
Amikuzeko ikastola eta eskola elebidunetako haurrek ikusgarria eskainiko dute heldu den astean ostiralez (18:30), Donapaleuko zine gelan. Ikusgarri hau, Zabalik elkarteak antolatzen du, andereño errient eta errientsen engaiamenduarekin eta Urtaroaren laguntzarekin.Kantu, dantza, bideo eta antzerki bidez Nafarroako historia kontatuko digute. Ondotik, krakada eskainia izanen da.
"Bihotzeko Ostatuen aldeko kantaldia"
Bihotzeko Ostatuek, neguko kanpaina azaro huntan hasten dute heldu den martxoa arte. Nekezian diren berrogeita hamar bat familia hurbiltzen dira aste guziz beren janari eta egun guzietako beharren bila. Hogeita hamar bat laguntzaile biltzen dira, astean bietan, pakete horien preparatzeko eta banatzeko.
Diru laguntzak murriztuak izanez, Amikuzeko elkarteak kantaldiaantolatzen du heldu den astean, azaroaren 24an igandez (15:30) Donapaleuko zineman. Lau talde kantuz hartzera urririk jinen dira egun hortara: Berçaits Anaiak, Debru Zaharrak, Pil Pil, Lea eta Anuxka.
Sartzea 12€ helduentzat eta 6€ hamabi urtez azpikoentzat.
Animazio eta prebentzio egun handia
Azaroaren 25ean emazteei egin bortizkerien kontrako egun internazionala kari, azaroaren 23an animazio eta prebentzio egun handia antolatuko du Erran eta Bizi elkarteak Donapaleun. Huna egitaraua: ibilaldia Saint-Louis gelatik abiaturik (8:30), kafe eta kruasana (10:30), Feldenkrais tailerra (10:45). Arratsaldean, haurrendako jostaldi tailerra (14:30), "La valise" antzerkia (15:00), self-defense bere burua defenditzen ikasteko tailerra (16:30) eta "Entrez sans frapper" ikusgarria (20:30). Krakada eta parte hartzaileentzat opariak izanen dira. Tailerretan izena emateko 06-61-88-99-51 zenbakira deitu. Tokiak mugatuak dira.










