Euskal diaspora | 2024ko Azaroaren 14a
Bahia Blancari so, Biltzarra Mexikon, 111 urte NYk eta eskaintza Sydneyn
Joseba Etxarri
BAHIA BLANCA. Joan den larunbatean estreinatu zen ofizialki Bahia Blancan 2024ko Euskal Argentinar Aste Nazionala. Orain arteko saioen artean, dantza erakustaldiak egin dira, mus txapelketa, pintura eta arropa tradizional erakusketak, pintxo-potea... Gaur, hitzaldia eta sagardotegi afaria txotxean ("Txapela" sagardo euskal argentinarrarekin) eginen, eta ostiralean zinez lehertuko da besta, asteburuan barna eskaintzeko besteak beste euskal zinema, mintzodromoa, dantza tailerrak, koralen emanaldiak, Euskal Etxeen bilkura, hitzaldi eta mahai-inguruak egungo Euskal Herriaz, danborrada, kalejirak, Korrontzi taldea, Xabi Unzurrunzaga eta Joseba Urrutia trikitilariak... Heldu den astean aipatuko dugu nola joan den guzia, HERRIA ere partzuer izanen baita bertan.
MEXIKO HIRIA. Hogeitik goiti ikertzaile eta aditu partaide, Biltzarra eginen da aste huntan, azaroaren 14an, Mexiko Hiriko Vizcaínas Ikastetxean, euskaldunen presentzia Mexikon azterturik, XVI. mendetik XX. mendera. Mexikoko "Euskalerriaren Adiskideen Elkartea" eta Loiolako San Ignazio "Vizcaínas" eskola antolatzaile, gai interesgarri frango landuko dira ikuspundu diferentetarik. Argibide gehiago bascongada.eus webgunean edo bascongadamexico@gmail.com helbidean galdeginik.
NEW YORK. 111 urte bete ditu Estatu Batuetako euskal etxe zaharrena den (1913) New Yorkeko Euzko Etxeak. Eguneko programan, euskal dantza tailer irekia, urteurreneko bazkaria, patxaran dastaketa eta momentu goxoak pasatzeko ahalegin handia.
SYDNEY. Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxea laguntzaile baten bila dabil. Asteko ekitaldietan lagundu behar luke eta akordioko parte Euskal Etxean bizi ahal izatea eskaintzen zaio. Sei hilabeteko epe minimoa. Australiara Ikasle bisa edo Work & Holiday bisarekin bidaian bazatoz, hau izaiten ahal Sydney bihotzean geratzeko aukera (Gure Txokok ez du lan egiteko bisarik eskaintzen). Interesatua bazira, idatzi huna info@guretxoko.com.au.











