Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Azaroaren 14a
Sokorri Katolikoa - Uhaldia baserrian azaroaren 16an - Ez ahantz! - Mus zoingehiagoka Urkoin - Zinegin
Sokorri Katolikoa
Sokorri Katolikoak kanpaina berezia eramanen du azaroaren 16tik abenduaren 31ra. Kanpaina hortan bildu emaitzek ekintza asko lagunduko dituzte hemen berean, Frantzian edo beste nunbait munduan. Elgarrekin mintzatzeak, baztertua eta behar gorrian izaitea zer den ulertzea laguntzea du helburu. Elkartekoek esplikatuko dute ere nola lan egiten duten kasu hortan diren jendeekin.
Uhaldia baserrian azaroaren 16an
Julie Abbadie hezitzaile berezitua da eta burasoen baserrian lan egiten du. Baserri hortan baratzeki biologikoak ekoizten ditu lana bilatzen duten jendeekin lan eginez. Astean zare bat eros daiteke baserrirat xerka joanez asteartetan edo beste toki anitzetan (Hazparnen "Au vrac" saltegian).
Elkarteak Larzac deitu solasaldi berezia apailatzen du, Uhaldia baserrian berean, Ihintzetxeberria bidean, Bastidara buruz joanez.
Larzac herrialdean, ohargarria izan den borroka eraman da eta estatuak armadari eman nahi zion lurra laborantxarentzat atxiki da. Lur hortan bizi diren laborari eta beste batzuek badute lurraren jabegoari buruz gogoeta eta egiteko molde berezia.
Philippe Durand kazetalari eta antzerki idazleak bi urtez galdezkatu eta segitu ditu hango jendeak. Han entzunak aipatuko ditu Uhaldian larunbatean (16:00). Sartzea libro da eta bertan izanen da jateko eta edateko.
Ez ahantz!
Maddi Zubeldia idazlea eta kantaria da. Bere obra aberatsaren berri emanen dueta bereziki idatzi dituen bi liburuez solastatzen ahalko da harekin. Kalakaldia orori idekia da, liburuak irakurtuak izan ala ez. Irakurtu ez duenak irakurtzeko gogoa bilduko du elgarretaratzerat jinez! Jin gostuan (10:00) Pierre Espil mediatekara.
Mus zoingehiagoka Urkoin
Azaroaren 17an igande arratsaldean, Urtsu Mendi batasunak mus zoingehiagoka antolatua du. Izenak hartuko dira 14:00etatik aitzina, zoingehiagoka bera 15:00etan hasiko delarik. Parte hartzaile bakotxak 12€ eman beharko ditu. Irabazleek 400€ ukanen dituzte eta finalistek 200€. Beste sari asko izanen dira ere. Elkarteak jateko eta edatekoa proposatuko du tokian berean.
Zinegin
Jakin behar da Zinegin euskal zinemaren 12. festibala azaroaren 21etik 24ra iraganen dela. Jendeak biziki gogokoa duen festibala hori usaia bilakatua da orain. Bada zerbait gostu guziendako:
ostegunean gazteen laburrak, ostiralean zine eztabaida parte hartzailea eta gaualdia Gaztetxean, larunbat goizean mendizaleen balentriak, (14:00) film laburrak eta beste hiru film, igande goizean haurren filma eta arratsaldean beste lau film. Xehetasunak heldu den astean emanen ditugu bainan lehenago jakin nahi duenak "Zinegin" gunera joan behar du. Han aurkitzen dira jakin nahi guziak eta tokiak atxikitzeko moldea ere.











