Ba ote dakixu? | 2024ko Azaroaren 14a

Jaurès-en duelua Euskal Herrian! (À‚'½)

Gilen Bacho

1904ko azaroan, manifestazio nazionalista, Parisen
1904ko%20azaroan_%20manifestazio%20nazionalista_%20Parisen

Duela ehun eta hamar urte, 1904ko abenduaren 6an, Euskal Herrian, Hendaian, gertakari berezi bat iragan zen: duelu bat bi frantses lider politikoren artean, Paul Deroulède eta Jean Jaurès. Nola Jaurès bezalako bakezale batek duelu armatu batean parte hartu ote zuen, Euskal Herriko xoko batean?

"Aurrez aurre borrokatzen naiz"

1904ko abenduaren 4an, eguerdi irian, Jean Jaurès, Tarn-eko diputatu sozialista, hilabete zenbait lehenago Biltzar Nazionaleko presidente-orde zena, Orsay geltokitik abiatu zen, Sud-Express trena hartuz, 800 kilometroko bidaia batentzat, Donostiaraino. Deville eta Gérault-Richard-ekin bidaiatzen zuen, bere testiguak. Ez ziren ezteietako testiguak baina duelu batekoak. Zendako duelu hori? Aste zenbait lehenago, Pariseko Condorcet lizeoko historia irakasle batek, Amédée Thalamas-ek, bere ikasleeri Jeanne d'Arc-ek ez zuela Jainkoa entzun baina haluzinazioak ukan zituela erran zuen. Baina, bere ikasleetan, diputatu nazionalista baten semea bazen eta bere aitari irakaslearen hitzak errepikatu zizkion. Diputatuak, Biltzar Nazionalean, irakaslearen erranak salatu zituen eta, polemikaren aurrean, instrukzio publikoaren ministroak irakaslea gaztigatzea erabaki zuen, bere neutraltasun obligazioan huts egin baitzuen. Jaurèsek, alderantziz, Thalamas defendatu zuen, abenduaren 1ean, Biltzar Nazionalean, adimena eta bilatze historikoaren izenean. Eskuin nazionalista gogorki salatu zuen baina ere ministroaren ahulezia. Ber mementoan, Jeanne d'Arc-i omenaldia egin zuen, "neska gazte" horrek "gizonak estonatu (baitzituen) bere lasaitasuna eta kuraiarekin". Azaroaren 28an, L'Humanité egunkariak aipatu zuen nazionalistek Parisen antolatu zuten manifestazioa gai horri buruz, hitz ironikoak erabiliz eta Deroulèdek ukan zuen erreakzioaz trufatuz. Deroulède Donostian bizi zen Frantziatik erbesteratu baitzen, estatu kolpe entsegu bat antolatzeagatik 1899an. Artikulu hori leitu zuelarik, L'Humanité-ri ihardetsi zuen Jaurès, egunkariaren buruzagia, gogorki atakatuz eta aberriaren traizioaz akusatuz. Jaurèsek hitz horiek izigarri gaizki hartu zituen eta Deroulèderi gutunez ihardetsi zion duelua eskatzeko: "Kalterik gabeko trufa bati, laidoz ihardetsi duzu". Deroulèdek duelua onartu zuen. Anitzek Jaurès-i dueluari uko egitea eskatu zioten baina ez zen ideiaz kanbiatu. 1912an erranen zuen bezala, Biltzar Nazionalean, "borrokatzen naizelarik, aurrez aurre borrokatzen naiz".


Duelua, bai, baina non?

Dueluak debekatuak ziren baina laidoa manera horretaz garbitzea denbora horretako ohore kodean sartzen zen eta Jaurès, humanista aitzinatu bat izanik ere, bere denborako gizon bat zen. Jada, hamar urte lehenago, 1894an, Louis Barthou biarnes ministroaren kontra borrokatu zen. Jaurès Donostiara heldu zen gauerdi irian eta Continental hotelera joan. Deroulèdek bere testiguak Alta Villara, non bizi zen, ekarrarazi zituen. Duelua biharamuneko, abenduaren 5eko, Hernanin programatu zuten. Baina, Espainiako barne-ministroak hori jakin zuelarik, berehala duelua debekatu zuen eta manu argia igorri, zentzu horretan, Gipuzkoako gobernadore zibilari. Beraz, duelua bakarrik Frantzian iragan zitekeen, haatik Deroulèdek ez zezakeen muga zeharkatu. Orduan, Jaurèsen testiguek Emile CombesKontseiluko presidente erradikalari Deroulèderi muga zeharkatzearen dretxoa ematea eskatu zuten, dueluaren denborarentzat. Combes-ek sozialisten sostengua behar baitzuen, eskaera onartu zuen. Bere barne-ministroak Pirinio Beheretako prefetari hitz hauek igorri zizkion: "Jaurès-Deroulède dueluaz ez okupatu, Deroulède, aukera horretan, frantses lurraldera heltzen bada ere Hendaiara arte." Prefetak legeari ez obeditzearen manua ukan zuen. Jakina den bezala, hobe ministroari obeditzea legeari baino. Duelua Hendaian antolatu zuten. Armak mintzatuko ziren.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3761. zbk

Gure Hitza | 2024/11/14

Hutsak errepikatuz

Ainhoa Etchenique

Bizian denek ditugu egun on eta txarrak. Denek ditugu pettoak egiten, batzu besteak baino larriagoak. Inportantena petto horietatik ikastea da, gauzak desberdinki egitea, aitzinera joan ahal izateko. Baina azken egunetako berriek frogatu didate denek ez dugula berdin funtzionatzen, amerikarrek 2016an egin huts bera errepikatzeko hautua egin baitute.

Harrigarria da zoin fite ahanzten diren gauzak. Donald Trump berriz ere bozkatua izan da, duela gutti arteko eskandaluak bazterrean utziz. Oroitarazteko, maiatzaren 29tik epaimahaia osatzen zuten hamabi newyorktarrek bi eguneko eztabaidaren ostean, Trump erruduntzat jo dute 34 kontabilitate dokumentu faltsutzea leporaturik, Stormy Daniels X filmetako aktoreari 130.000 dolarren truke haren isiltasuna erosirik, 2016ko hauteskundeak aitzin sexu eskandalua saihesteko asmoz.

Horrez gain, 2023an kondenatua izan da Jean Carroll idazlea bortxatu eta difamaturik....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016