Orotarik | 2024ko Azaroaren 14a
Kukumarro
Xarles Videgain
Jinko oiloa
Lehen zioten marka txarra zela haren ikustea neguminean. Larrazkenean izanki, hala ere zilegi izan bekit hitz bat erratea primaderan eta udan agertzen den jinko oiloaz, pinpirinaz, tximeletaz: alabaina, hitz frango bada basa ihizi ttipi honen deitzeko. Euskarak 50 hitz baino gehiago baditu "papillun" erran gabe baina egia erran munduan gaindi ba omen daude 160.000 papillun mota baino gehiago.
Euskarazko liburuetan jinko oiloa edo pinpirina agertzen da Atxagaren obran eta Zarateren eleberri batean, eta olerkietan hala nola Apexa eta lorea bertsoetan: Iguzkiak ihintza pizten duenean/ apexa doa beti hegalez airean/ nahi luke loreak segitu bidean/ girtainak zertako du gelditzen lurrean?
Apexa baita jinko oiloak Lapurdin duen izenetarik bat da.
Bestalde ezagutzen dukezue Vladimir Nabokov. Errusiatik jinik frantsesez eta ingelesez ere idatzi zuen eta bereziki Lolita deitu liburu famatua. Baina beste arrangura gaitza bazuen Nabokovek hala nola bere izena emaitea pinpirin bati. Beraz lepidopterologista zen eta Lolitaz gain pinpirinak xerkatzen zituen, biltzen eta sailkatzen. Azkenean erdietsi zuen pinpirin bati bere izena ematea, latinez prefosta. Bere jinko oiloekilako lotura kartsua bere denbora guzian izan zuen Nabokovek.
Badago Pariseko unibertsitatean Tissier deitzen den erakasle bat eta jaun honek Euskal Herria eta bereziki euskal itsasbazterra frantses literaturan nola agertu den erakusten du. Eta Nabokovek idatzi zuen liburua aipatzen du, frantsesez "Autres rivages" edo "Beste bazterrak" deitzen dena. Biarritzen gertatzen da. Nabokov Errusiatik jiten zen Biarritzera haur denboran eta hor ikusten zituen "tircis", "monarko", "Probentziako zitroina" eta beste pinpirin mota batzuk. Serbiatik etorri mediku baten alaba batez agradatu zen Nabokov: erraiten duenaren arabera nexkatila honek ba omen zuen sor-seinale bat bihotzaren gainean. Erran behar da biek zazpi-zortzi urte zituztela eta biek elkarrekin etxetik ihes egiten zutela, egun oso batez bederen. Nabokovek present bat egin omen zion bere lagunari eta present hori "Sphynx du caille-lait" deitzen den pinpirin bat izan zen. Pinpirin hori euskaraz nola deitzen den ez niri erran, nahiz "caille-lait" hortan "esne gatzatzen duena" ulertu behar dugun.
Haur denborako oroitzak utzirik, Nabokovek beste zerbait erakasten digu. Denbora hartan bainuak hartzen zituzten aski ontsatto bizi ziren jendeek. Kabinak baziren itsasbazterrean eta Euskal Herriko mutiko batzu han egoiten ziren zerbitzari gisa oihal handiekin, bainua hartu nahi zuen kanpotiarra alda zedin diskretuki. Nabokovek mutiko bati galdegin zion ea euskaraz nola deitzen zen papilluna. Mutikoak eman zion erantzuna hauxe izan zen: misericoletea. Misericoletea hori ez dut ezagutzen.Behar bada Nabokovek ez zuen ongi entzun. Beti ere Nabokov gazteak zer egin zuen? So egin zuen euskarazko hiztegi batean (agian Azkuerena?) ea misericoletea agertzen ote zen.Ez zuen atzeman baina Nabokov ohartu zen zazpi izen bazirela hiztegian eta zazpi horien artean bazela hitz bat egiten zuena misericoletearekin: mitxeletea hitza. Izigarri da nola euskara jakin gabe ibili zen zerbait zilatu nahiz. Zernahi gisaz mitxeleta ez zen Lapurdiko hitza orduan baina behar bada bainua zaintzen zuen mutiko hori Gipuzkoatik etorri zen, sasoina egitera. Nork daki?
Nabokov idazle distiranta da bestalde, eta miresten dut nolako arta izan zuen batere menperatzen ez zuen euskal mintzairaz. Pinpirinek ere interesatzen baitzuten nago ez ote dugun beraz aipatu behar urrundik jiten omen den "papillun efektua".












