Gogoa hazi | 2024ko Azaroaren 14a

Larrazkeneko loreak

Johanes Bordazahar

Aldude ibarreko antzerki taldeak, azken asteburu hauetan eman du Piarres Larzabalen "Suedako neskatxa" pieza. Betiko arrakastarekin. Oholtzan, usaiako sukaldea muntatua. Jokatzeko moldea, klasikoa. Sala, betea. Publikoa saldoan etorria. Jendea antzerkiaz gose! Gaur egun, gure herri honek antzezteko modu franko eskaintzen dizkigu, molde bakoitzak berea duen arrakastarekin. Izan pastoral, kabalkada, maskarada, libertimendu, tobera, eta antzezteko gisa eta entsegu berri... Nola ez dugu aipatuko profesionalek daramaten lan premiazkoa bezain baliosa? Antzerki mundua goiti tiratzen dutena! Euskal antzerkia ez da hilen egiazko "heroiak" hor, taulada inguruetan arriskuak hartzera menturatzen direno. Gaurko egunean behar da sinestea, kemena, ausartzia, antzerkitik bizitza bat ateratzeko. Guti hori biltzeko anitz eman behar!

Diote antzerkia krisian dela. Baina beti krisian izan da. Krisia baitezpadakoa zaio antzerkiari. Krisian deno ez da hila. Barnetik ere berehala hasten dira tira-birak,konfliktoak: nork zer rola egin? Gero trukesak eta aizturrak eskuan, nola muntatu oholtza, argiak, soinua, jantziak, nola mugitu,... testua, ahoskera, zure rola defenditu, besteena errespetatu, taula zuzendariaren erranetara plegatu. Antzerkia tentsioaren eremua duzu. Bitartean, jokalariari antzerkiak dena hartzen dio: gorputza, ahotsa, hatsa, gogoa, memoria, bost zentzumenak, kontzientzia,... ezantza eta denbora. Bihotza ere: hor duzu aktorea aitzinean, kasik biluzian, publikoaren begietara ezin gordean. Nonbait bihotzetik ari zaizu, publikoa hunkitzekoz bihotzetik egiten baita.

Antzerkiak beharrezkoak ditu idazlea, taula zuzendaria, jokalariak eta... publikoa. Hemen, publikoa bada. Ona. Erran nahi dut ezagutzen dugun publikoa ez dela etortzen kritikatzeko, epaitzeko, baina memento on baten iragaiteko, euskaraz, antzerkilarien konpainian. Zer da ederragorik, jokalari bati ustekabean "zilo" bat gertatzen zaiolarik, segidan publikoak txalotzea, irri egitea, jokalari lagunek "ufatzea" eta aitzina bultzatzea, sinpleki. Hor da seinalea jokalariek jendea berekin dutela, erridauaren bi aldeetarik gogo eta esker onez ari direla. Antzerkiaren grazia ez ote da hori ere, memento batez bederen bakardade guziak eskuz-esku batasun berean biltzen dituela.

Aurtengo, Jean Louis Neguelouak Piarres Larzabalen teatro irringarri batera jo du. Errautsak doi bat kenduz halere. Piezak "68". urtetara eramaten gaitu, "vintage" aire batekin. Antzerki honen harian, badugularik azkaindarraren euskara bixi-bixiaz gozatzekoa: zirto, ditxo eta ateraldi. Antzerkitik landa entzunen da: "Irri egin dugu baina piezak gustu minkor batekin utzi gaitu. Ez da atsegin zaigun pertsonaiarik". Jakina! Antzerki irringarria da. Pertsonaia guziak dira karikaturak. Larzabalen antzerkia miraila duzu, jendeen akatsak agerian ematen dituena. ("Catharsis" lana egiteko!) Arte bizia eta bizidunena da Larzabalena. Bere trajedia handietan ere Euskal Herriko historiako gertakariak eta pertsonaiak ditu jokoan ematen. Beti guretik gurera.

Tira-birak, duda-mudak, betikoak ote? "To be or not to be. That is the question." Shakespearen Hamlet-en aspaldiko hitz ezagunak lekuko. Balio ote du antzerkiari lotzea, zertarako hartu horrenbeste trakasia? Errexago da telebista piztea! Zutitu eta arriskuak hartzea, ez ote hor biziaren deia? Larrazkenekoek obratzen dutena. Izenean berean dute beren izana. Larrazkenak baditu bere loreak (mendiko ilarka= txilarra= ilarrea), primaderak bezala. Lore batek baitezpada hazia emango du, hazia lur ilun hotzetik arriskuak hartuz hozituko da, hozitu eta ernamuina iguzkitara muskilduko.... Larrazkena ere antzerkiarekin berriz loratuko...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3761. zbk

Gure Hitza | 2024/11/14

Hutsak errepikatuz

Ainhoa Etchenique

Bizian denek ditugu egun on eta txarrak. Denek ditugu pettoak egiten, batzu besteak baino larriagoak. Inportantena petto horietatik ikastea da, gauzak desberdinki egitea, aitzinera joan ahal izateko. Baina azken egunetako berriek frogatu didate denek ez dugula berdin funtzionatzen, amerikarrek 2016an egin huts bera errepikatzeko hautua egin baitute.

Harrigarria da zoin fite ahanzten diren gauzak. Donald Trump berriz ere bozkatua izan da, duela gutti arteko eskandaluak bazterrean utziz. Oroitarazteko, maiatzaren 29tik epaimahaia osatzen zuten hamabi newyorktarrek bi eguneko eztabaidaren ostean, Trump erruduntzat jo dute 34 kontabilitate dokumentu faltsutzea leporaturik, Stormy Daniels X filmetako aktoreari 130.000 dolarren truke haren isiltasuna erosirik, 2016ko hauteskundeak aitzin sexu eskandalua saihesteko asmoz.

Horrez gain, 2023an kondenatua izan da Jean Carroll idazlea bortxatu eta difamaturik....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016