Herriz Herri - Heleta (NB) | 2024ko Azaroaren 14a
Feria
Azaroaren 23 eta 24an Santa Katalina feriari pentsatuz geroz, bi gauza badaude josiak, lehenbizikoa Heletan iragaiten dela, bigarrena larrazkenaren puntan girela, neguari hurbil.
Napoleonen denboran, urte berean, bi feriak sortu ziren, agorrilean Garruzekoa eta beraz erran bezala azaroan Heletakoa. Zertako Santa Katalina? Denbora haietan Santa Katalina zen gure herriko patroia, aise berantago Andredena Maria hautatu zen, erranez ardura denbora entrabalekoa ala euria zela sasoi hortan, feria egun berari atxikia egon zen. Bestalde urtero ostalerreko meza emanarazten zuten, egun horri buruz aro onaren galdatzeko. Gauzak eta usaiak kanbiatu baitira, zonbait urte badu egun horri hurbileko ibiakoitz eta igandetan feria iragaiten dela, aurten 23 eta 24an. Lehen egunean beti bezala zaldiaren eguna, bigarrenean feria orokorra, zaldi pisuen lehiaketa, tresneria, mahaiak, hots begien asegarri. Ostatuak aldiz bi egunetan zuen bisitaren beha daude, jan-edan onak eskainiz. Horrarat etorri geroz izanen da zer ikus, zer jasta eta zer konta. Dudarik ez ukan adiskidantzako agur baten egitera jiteko! Zergatik ez?











