Herriz Herri - Donibane Garazi (NB) | 2024ko Azaroaren 14a
Antzerki - Erakusketa
Antzerki
Badu orain urte andana bat, Garaziko Sokorri Katolikoaren inguruan sortu antzerki taldeak obra klasiko batzu emaiten dituela. Jean Louis Negueloua izanez ere Aldude Ibarreko "Larrazkeneko loreak"-eko kudeatzailea, bi ekipak elkartu dira.
Piarres Larzabalen lan "Suedako nexkatxa", jada hiru aldiz emana, ikusten ahalko da Donibane Garazin Vauban zinegelan azaroaren 17an (15:30). Pieza umoretsua, belaunaldien arteko tirabirak ongi aztertzen dituena. Etorri momentu lasai baten pasatzerat eta ber denboran laguntza ekarriko da Lurderat joaiten direnerieri, Nafar-Gazte taldeari, etorkineri eta behartsueri.
"Hitzak lege" erakusketa
Azaroaren 5ean estreinatua izan da "Hitza lege" erakusketa. Euskaltzaindiak, Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkartearekin eta Herriko Etxearekin partaidetzan, abenduaren 6a arte garrantzia historikoa duten euskarazko testu juridikoak ikusgai dira, astelehenetik ostiralera (8:30-12:00/14:00-17:30). Erakusketaren helburua da eremu juridikoan urteetan euskaraz egin den ekarria jendarteratzea.
Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkarteak bisita gidatuak eskainiko ditu azaroaren 16 eta 23an (10:00-12:00), izena emaiteko: contact@terresdenavarre.fr.











