Azalekoa | 2025eko Ekainaren 19a
IKASiz etorkizuna eraikitzen
A.E.
IKAS euskal pedagogia zerbitzua da. Euskararen Erakunde Publikoa eta Hezkuntza Nazionalarekin egina duen hitzarmenaren arabera, IKASek ikasmaterialgintzako zerbitzu publikoa ematen du eta lau sareren federazio egitura da (hastapenean sare publikoa eta pribatuarena, gaur egun ikastolena eta AEKrena ere). Uztaritzeko egoitza bisitatu, eta hainbat langilerekin trukatu ondoren, Aines Dufau Lakaberatz zuzendari amikuztarrarekin solastatu gira.
Urratsez urrats
IKAS 1959an Baionan sortu, eta 1990 eta 2000 urteen artean, Garapen Kontseiluaren gidaritzapean, pedagogia zerbitzua berritzen hasi ziren. Ipar Euskal Herriaren antolamenduaren diseinua marraztu zen arlo desberdinetan, horietan kultura eta hizkuntzan. IKAS behar zen oinarria zela pentsatu zen orduan, frantsesez deia existitzen zen CRDParen (Centre Régional de Documentation Pédagogique) pareko egituraren sortzeko. Hiru urtez proiektu hori eraman zen, besteak beste Hezkuntza Nazionalarekin. Finantzamendu aldetik, 9 urtez tirabira alimalekoa izan zela azaltzen zuen Aines Dufauk.
Ondotik, IKAS Baionatik Uztaritzera mugitu zen, hastapenean 2 lanposturekin, bata Hezkuntza Nazionalak emana, bestea elkarteak ordaindua. Hastapenak zailak izan zirela zioen zuzendariak, proiektuak anbizio handikoak baitziren, parean mediorik ez zelarik.
Finean, 2010ean ikerketa handia eramana izan zen, eta azkenean Hezkuntza Nazionalak onartu zuen IKAS partaide izan zedin. Diru gutirekin, luzaz eskoletako lehen mailarentzat materiala egina izan zen, eta bigarren mailarentzat itzulpenak.
2016an, IKAS ebaluatua izan zen. Hortik material digital gehiago egin behar zela atera zen, eta bigarren mailako jendea kontratatu behar zela horretarako. Hortik landa, Hezkuntza Nazionala pixkanaka postu erdiak ematen hasi zen historia eta geografia, matematika eta euskara sailetan.
Elgarrekin proiektuak loratuz
Gaur egun, IKASen lantalde finkoa zazpi lagunekoa da eta bestalde, lau irakasle heldu dira denbora erdiz ikasmaterialgintzako edukien egitera: Régine Elosegi eta Irene Noriega euskara sailean, Maite Urmeneta historia eta geografia sailean, eta Battitt Crépin matematika sailean. Gaien arteko elkarlana eramaten da, sustut euskara eta historia eta geografiaren artean.
Zientzietan laster mahain joko moduko bat aterako da Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Water Family, Ikas eta Ikas Biren artean. Horri esker, elikadura eta ekoizpena landuko dira besteak beste.
Historia geografiari dagokionez, Frantziako programa lantzen da Euskal Herriaren ikuspegitik, erran nahi baita garai bakoitzean Euskal Herriko egoera ere aipatzen dela.
Haur literaturaz haratago, AEKrekin lan handia eramaten ari dira helduendako irakaskuntza garatzeko.
Orohar, material sortzeak, kultura eta ondarea ezagutaraztea ahalbidetzen du, euskara maila egokituz.
Informazio baliagarriak
IKASek Uztaritzen duen egoitzan mediateka badu, nun euskarazko 30.000 bat dokumentu atzematen diren baita CD eta DVDak ere. Deneri idekia da, urtean 10 euroren truke bazkidetuz.
IKAS astelehenetik ostiralera idekia da (9:00-12:30/13:40-18:00).
Harremanetan sar daiteke 05-59-93-24-80 zenbakia edo info@ikas.eus mailaren bidez.











