Ba ote dakixu? | 2025eko Ekainaren 19a

Laborarien gerla (¾)

Gilen Bacho

Thomas Muntzer-en potreta
Thomas%20Muntzer-en%20potreta

1525eko udaberrian, Memmingen-eko hiri kontseiluak "Hamabi Artikuluak" gauzatzea erabaki zuen. Ez zen ustekabe bat, "Hamabi Artikuluen" autoreetarik bat Memmingeneko apez bat baitzen, Christoph Shappeler, Erreformaren aldekoa (beste autorea segurki Sebastian Lotzer zen, artisau bat). Berak zuen segurki liburuaren sar-hitza idatzi, "irakurle giristinoentzat". Bere arabera, laborarien helburu bakarra "Ebanjelioa entzutea eta haren arabera bizitzea" zen, "jainko legea", nobleen legea baino goragoko

Utopia gauzatu

Jazarle guziak "haurrideak" bezala ikusten ziren, haien estatus soziala zinez desberdina bazen ere (laborariak ziren baina ere hiritarrak, artisauak, noble edo burges ttipiak).Haien arabera, ebanjelioak ezberdintasun sozial guziak ezeztatzen zituen. Memmingenen, hiri kontseiluko lehen bi erabakietan artzainen hauteskundeei baimena ematea izan zen (beste erabakia herri ontasunen erabiltzeari buruzkoa zen). Elizgizon anitzek jazarraldi mugimenduan parte hartu zuten baina ere unibertsitateko mundukoek (Elizaren eta unibertsitateen arteko loturak usu hertsiak ziren). Tyrol lurraldean, Michael Gaismair unibertsitarioak konstituzio berri bat proposatu zuen, Laborarien mugimenduko baloreen inguruan: berdintasuna, elkartasuna, guzien ontasuna eta jainko legea. Utopia handiena Thomas Muntzer predikariarena izan zen. 1525eko martxoan, Mulhausen-en, Turingian, Muntzerrek jazarraldi mugimendu baten burua hartu zuen, hiri kontseilua eror arazi zuen eta boterea hartu. Ez zituen osoki laborarien mugimenduko ideiak gauzatu, Muntzerrek ez baitzuen inportantzia handirik ematen laborantzako erreforma programei eta esperientzia komunitarioari. Bere proiektua zen sustut Jainkoaren erresuma berri baten finkatzea heresia munduari amaiera emateko.


"Punala sartu, arraildu, lepoa moztu"

Programa horrek, erlisio erreforma handia proposatzen zuenak, Lutherren sostengua ukan zezakeela pentsatu ahal izan zen baina ez zen batere horrela iragan. Alderantziz, mugimenduaren errepresio gogorrena justifikatu zuen. Jazarleen helburua gizartearen ordena osoa kanbiatzea zen. Eliza katolikoaren boterea dudan ezartzen zuten baina ere printzeen boterea. Kontrara, Lutherren arabera, Jainkoak zuen mundu honetako boterea printzeei emana eta gizon bakoitzak botere horri obeditu behar zuen. Jada, 1524ko udaberrian, Lutherrek Saxeko printze-boz-emaileari Muntzerren erbesteratzea eskatu zion. 1525eko martxoan, "Hamabi Artikuluetan" ebanjelioa anitz aipatua zela errebolta justifikatzeko ikusiz, Lutherrek jazarleei ihardetsi zien haien ideiak ezeztatzeko. Bere lehen hitzartzeak moderatuak izan ziren eta "bakeari buruzko deia" egin zuen. Baina, fite, bere diskurtsoa gogortu zen. 1525eko apirilaren 25ean, Weimar-era abiatu zen Saxeko printze-boz-emaileari armadaren arrapostua erabakitzea eskatzeko laborarien jazarraldiaren kontra. Maiatzean, testu bat idatzi zuen "laborarien talde kriminal eta lapurtzaileen kontra". Ez zuen gehiago konponbiderik sostengatzen. Alderantziz, printzeei eskatu zuen errepresio gogorra piztea laborarien kontra, izugarrizko hitz hauekin: "Puñala sartu, arraildu, lepoa moztu". Izugarrizko hitz horiek izugarrizko errepresioari bidea ideki zuten.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3791. zbk

Gure Hitza | 2025/06/19

Erresiñola udan da kantari

Peio Jorajuria

Udan sartuko gira, egutegiaren araberakoan bederen. Ekainaren 21a, Rodolforen besta eguna ekartzen dute erdal egutegiek. Germaniar izen misteriotsu horrek "otso" hitza dakar bere baitan (wholf). Guk nahiago ditugu euskal egutegiek dakartzaten Uda eta Udane izenak. Gureak ditugu. Udako solztizio eguna dugu gainera ekainaren 21 hori, urteko egun luzeena, ondorioz Jondoni Joaneko suak piztuko direla herri eta mendietan, udako argitasun berriaren seinale. Eta musikaren besta ere ospatuko da, uda giroan suharki sartzeko.

Hain zuzen, herriko bestak biderkatuko zaizkigu hemendik aitzina, festibalak halaber, lehen lehenik Euskal Herria Zuzenean (EHZ) Arberatze-Zilhekoan. Gazteek bereziki gogotik edaten dute iturri berri horietatik. Guk, adin zohituagokoek, ur freskoari uko egin gabe, iturriko ur zaharretik ere edatea maite dugu, ez nostalgiaz baina atsegin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016