Euskal diaspora | 2025eko Ekainaren 19a
Musa AEB eta Argentinan, "Shang Ferminak", Baionako Bestak Txilen eta San Juan
Joseba Etxarri
BUENOS AIRES.
Argazkira 2025eko Estatu Batuetako txapeldun diren Carmen (Oscariz) Salaburu eta Tony Huarte ekarri ditugu, San Frantziskoko Anaitasuna Euskal Etxearen izenean arizan zirenak. Bigarren gelditu ziren Edu Sarria eta Steve Achaval, Boiseko Euzkaldunak-en ordezkari. Baina musak segitzen du munduan eta heldu den astean, heien txapelketa eginen dute Argentinan, Buenos Airesen, Laurak Bat Euskal Etxean. 15 Euskal Etxetako bikoteak bilduko dira "Manuel Arriola" norgehiagoka nazionalean, 150 bat jende partaide. Paraleloan "Javier Ortega" txapelketa ere jokatuko da, eta baita kanastako bat ere. Museko nagusian, 17 bikote partzuer, ostiraletik igandera. Paraleloan, 45 bikote, eta kanastakoan 10. Euskal Etxe ordezkatuak, Ayacucho, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, Junín, La Plata, Laprida, Macachín, Maipú, Mar del Plata, Pergamino, Saladillo, Tandil, Santa Rosa (hau lehen aldikoz) eta Buenos Airesko anfitrioiak. Zorte on guziei!
SHANGAI.
Arrakastaz egin zuen ekain hunen 6an Shangaiko Euskal Etxeak aurtengo lehenengo Pintxo Potea, elkartearen egoitzan, bertako lehendakari Jon Zabala Bergarako gipuzkoarra koordinatzaile. Estakuru ederra izan zen jendearen biltzeko, gehienak Euskal Herrian sortu gazte profesionalak, txinatarren bat ere, eta beste nazionalitatetako lagun batzuk. Sasoin huntako beste elgarretaratze bati so ezarriak dira orain, berehala hemen baitira heiek, umorez, "Shang Ferminak" bataiatu duten besta, arras arrakastatsua izan ohi dena urtero.
BAIONAKO BESTAK TXILEN.
Heldu den asteazkenean, 25ean, Baionako Bestak (sic) ospatuko dituzte Santiagon, pintxoak, arnoa, gasna, txokolatea eta osagai gehiagoko elgarretaratzean, Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeko dantzariak eta korala lagun, hiriburuko Frantziako Etxean, xuri-gorriz beztiturik.
SAN JUAN.
Ez dugu aski leku hemen aipatzeko munduan Donibane, Jondoni Joanes edo San Juan izenpean Euskal Etxeetan ondoko egunetan eginen dituzten besta eta suak. Bakarrik izen batzuk ekarririk, ospatuko dute besteak beste Belgikako Bruselan, Peruko Trujillon, Argentinako San Miguel, Necochea, Cipolletti, Chivilcoy, Viedma, Tres Arroyos-en-eta, Alemaniako Berlinen, Estatu Batuetako Homedale eta Boisen, Uruguaiko Montevideon... asteburu huntan eta ondoko bietan.











