Gogoa hazi | 2025eko Ekainaren 19a
Beldurraren lama zorrotza
Johanes Bordazahar
Halako batez, gauak gauari, karrikaz karrika, etxera doa Esteban. Doi bat edana hain segur. Bat batean, behaztopatzen da. Oinetan senditu duenak izitu du, zangoak harri bihurtu zaizkio, hotzikarak gorputza sesitu. Gizon orro bat entzun du petik gora:
-Kasu emazu non finkatzen dituzun oinak!
-Nor da hor?
Esteban ohartzen da gizon bat dagoela karrika bazterrean bizkarra paretari, zangoak luzara, karrikan trebeska.
-Ni, nor? Etxegabeko pentsalaria! Karrika filosofoa. Toki ilun hau egokia zait pentsatzeko.
-Zer izialdura eman dautazun. Bihotzak zintzurrera salto egin daut. Zangoak dardaran, ez dezaket gehiago urrats bat egin. Jarri behar dut.
-Gizona, har ezazu nire estalki mutur hau eta jar zaitez nire ondoan, marmarikatzen dio filosofo gaitzituak. Utz nezazu nire ideien ordenatzen.
Pentsalariaren konpainian lasaitzera doalarik,Esteban jauzten da tente zutik. Lagunari sorbaldatik lotuz:
-Egarri naiz!... Zu! Ahoa lehortu zait!
-Zoaz, eskuin aldeko plazatxo horretan berean baduzu iturri bat. Ezin duzu huts egin.
-Ez! Beldurrak arras estekaturik nauka. Ezin naiz mugitu.
-Ados! Joanen naiz zuretzat.
-Ez! Zaude hemen!Urrunduko zirelarik, bakardadean, beldurra handituko zait. Ez nezazula bakarrik utz karrika gorri.
-Tori nire labana, zer gerta ere.Horrekin ez duzu nehorren beldurrik izanen.
Laguna joan orduko. Izuak berriz hartzen du Esteban. Inguruko itzalak etsaitzat hartzen ditu.Zutituz, hatsankatua, labana eskuan, sistaka, saiatzen da etsaiamendean atxikitzen... Hortan,pentsalaria heldu zaio ur boteilarekin. Estebanek marrumaz:
-Zu, zaude hor! Nor ziren ere. Urrats bat eta zauritzen zaitut.
-Baina zure urarekin heldu nauzu!
-Bost axola nire ura! Nola dakit zu hemengo hura bera zirela? Behar bada erail duzu eta haren partez heldu zira nire atakatzera...
-Burua galdu duzu, laguna! Galdetu ura ekartzen dizut. Egarri zira, edan ezazu!
-Eta zu ez nitaz trufa! Alde hemendik bestenaz hainbat gaizto zuretzat.
-Baina, hau, nire lekua da!
-Alde hemendik!
"Beldurra bera zaldi!" dio atsotitzak. Beldurra neurri egokianbeharrezkoa zaio jendeari arriskuak saihesteko. Istorio honek argi erakusten du beldurrak nolakotzen gaituen: sesitzen, koldar egiten, errealitatea desitxuratzen eta azken batean guhaur arriskutsu bilakatzen.Machiavelek zioen beldurrarekin errexkiago gobernatzen dela justiziabaino. Gaur, beldurraren menpe ematen ari gara. Ikusten dugu, prentsan eta hauteskundeetan beldurra jauts-ahala ari dela gure herri ttikietan, herri handietan bezala... Gobernari esku bortitzen baten beharra badugula.Ez gaitezen etsaiez tronpa. Herri hau betitik lurtar zuhurtziak eman atxikimenduan finkatu da, finkatu fedeak eman esperantzan, auzoen errespetuan eta konfiantzan, ingurumenaren arduran, iritzi kritikoan...
Ez dezagun ehiztariek zokoratu duten otsoarena egin, beldurrez eta etsipenez, animalia atakatzailearen lama zorrotzari ausikika lotzen zaiolarik.










