Gure Hitza | 2025eko Ekainaren 19a
Erresiñola udan da kantari
Peio Jorajuria
Udan sartuko gira, egutegiaren araberakoan bederen. Ekainaren 21a, Rodolforen besta eguna ekartzen dute erdal egutegiek. Germaniar izen misteriotsu horrek "otso" hitza dakar bere baitan (wholf). Guk nahiago ditugu euskal egutegiek dakartzaten Uda eta Udane izenak. Gureak ditugu. Udako solztizio eguna dugu gainera ekainaren 21 hori, urteko egun luzeena, ondorioz Jondoni Joaneko suak piztuko direla herri eta mendietan, udako argitasun berriaren seinale. Eta musikaren besta ere ospatuko da, uda giroan suharki sartzeko.
Hain zuzen, herriko bestak biderkatuko zaizkigu hemendik aitzina, festibalak halaber, lehen lehenik Euskal Herria Zuzenean (EHZ) Arberatze-Zilhekoan. Gazteek bereziki gogotik edaten dute iturri berri horietatik. Guk, adin zohituagokoek, ur freskoari uko egin gabe, iturriko ur zaharretik ere edatea maite dugu, ez nostalgiaz baina atsegin hutsez. Duela zenbait egun, Baigorriko erresiñolaren inguruan egin den kantu errezitaldi zoragarritik hurrupaka edan dugu. Eliza barneko zoko moko guziak jendez tanpez bete dira. Eta bi oren eta erdiz loriatu gira Erramun Martikorenaren inguruan hainbeste kantari herrikoi entzunez, erresiñolaren kantu ezagun askoren emaile. Eta zer emozioa, Erramun bera denen aitzinean ikustean eta entzutean, makila eskuan doi bat nekez ibilki, baina boza beti xuxen! Iturri zaharreko urak badu segurki onik. "Txori erresiñola udan da kantari" du kantatu Erramunen aspaldiko lagunak, Jean-Mixel Bedaxagar zuberotarrak. Baigorriko erresiñola, aldiz, sasoi guzietan da kantari. Aupa Erramun eta gora kantua!
Kantaldi bukaeran, Jojo Bidartek, antolatzaileen izenean, hauxe zioen: "Kantatzen duen herria ez da hilen ez eta hilgo". Uda hor berean-eta, eman gaiten kantuari, ustekabean doi bat erresiñolak bilaka baikaitezke gu ere, nork daki! Gure bihotzak eta bazterrak alaituko ditugu. Herriko bestak, lagunarteko elkarretaratzeak, kantu apairuak... ez zaigu aukerarik eskastuko. Joan den egunean, Bidarrain herritarren arteko kantu afaria gozatu dugun gisan. Kantuak jendea biltzen du eta alegeratzen. Gaur munduak bizi duen giro saminean, ez da erremedio hoberik.
Lerro hauek bururatzean, bihotzaren zolatik nahi nuke agurtu joan berria zaigun Mixel Itzaina euskaltzale suharra. Bizi osoan euskararen ehule kartsu izan da, hala nola bertsolaritzan, Xalbador handiaren adiskide mina zen-eta. Bertze alor askotan ere, Euskaltzaleen Biltzarraren buru, Herria astekarian berriketari eta kronikari, liburu idazle, ohorezko euskaltzain... Gizon handi bat. Bihotzetik eskerrak bidelagun ukan dugunari.




