Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Ekainaren 19a
Eskola garraioak - Gau eskola - Hazparneko pestak - Ekindar
Eskola garraioak
Agorrilaren 2a arte egin daiteke bainan berehala egitea hobe menturaz, heldu den ikasturtean autobusaren hartzeko baimenaren galdea. Izenaren emaitea bortxazkoa da ama eskolatik lizeo arte. Hortarako txiktxak.fr webgunerat joan behar da nahi delarik.
Gau eskola
Heldu den sartzeko Hazparneko gau eskolak erakasleak behar ditu. Euskara maite eta transmititu nahi duena ongietorria da. Kurtso bat edo bi astean, goizez edo gauez, posibilitate guziak badira. Ez da esperientzia handikoa izaiterik, formakuntza emana izanen da. Deitu lotsarik gabe 05-47-02-48-74.
Hazparneko pestak
Hor ditugu aurten ere egitarau bizi eta aberatsarekin.
Ostiralean 20an: Ziliporta ikusgarria haurrentzat Mendealan; (12:00) enpresa bazkari alaituak zentroko jatetxeetan; (19:00) ezkurren lasterketa; (19:30) Haitzmendi klikaren kontzertua elizako plazan; (20:00) Hazparne kantuz Watson-ek alaiturik; (20:30) Zuzi ibilaldia eta gazteen batukada Joaldunek lagundurik; (21:15) pesten idekitze ofiziala Herriko Etxetik; Jondoni Joaneko sua eliza aitzinean; gaualdi alaitua Punttu Kakotx txarangarekin.
Gaztetxean kontzertuak: Txopet eta Ezpelak.
Larunbatean 21ean: ekoizle eta sortzaileen merkatua mutxikoek alaiturik; (10:00) hirunakako saskibaloi lehiaketa Egoki gelan; pintxo aperitifa eliza aitzinean; (15:00) behi lasterketak Jondonane plazan; (16:30) bizikleta lasterketa; (18:00) dantza ikusgarria: Bailando, Elgar Oinka eta Goixtiarrak taldeekin, Soinubilako musikariek lagundurik, elizako plazan; gaualdia Ilargi txarangarekin; (22:00) Akelarre: sorginen sua, su eta dantza ikusgarri, elizako plazan eta (22:30) kontzertuak karpapean: Janus Lester, Dupla, Holako Deluxe.
Igandea 22an: (10:00) birla lehiaketa Eihartzean; (10:30) meza, ondotik danborradaren desfilea eta eguerditan kontzertua Elgar Oinkako dantzariekin elizako plazan; (14:30) babyfoot handia eta laser game jokoak familientzat elizako plazan; ondotik hor berean herri kirolak Gaia elkartearekin; (16:30) esku-huska desafioak, "Badoa" dantza ikusgarria eta mutxikoak Saltokarekin. (20:00) kontzertuak: Andoni Oilokiegi eta La Jodadera.
Astelehenean, Zelaiko pestak: (10:00) birla lehiaketa; (16:00) joko puzgarriak; pilota partidak Harguindeguy trofeoa; (18:00) dantza eta makilariak.
Eguerdi eta arratsean Aingira apairu alaitua, Holakorekin. Lekuak mugatuak dira.
Presoen aldeko bazkaria izanen da igandean Ttattolan; izena eman behar da 06-36-05-64-15 zenbakira deituz.
Pilota Masters-ak Berrian: ostegunean finalerdiak: (18:00) buruz-buruka Nicolas Ducau, Peio Larrechearen kontra; (19:00) profesionalen finalerdiak: Julen Mariluz eta Luis Sanchez, Mathieu Ospital eta Ellande Orhategarayren kontra.
Igandean iraganen dira finalak 11:00tatik goiti.
Ekindar
Ekindarrek eramaiten duen elektrizitate autokontsumo proiektua handitzen ari da: elektrizitatea molde berriztagarrian, tokian berean ekoiztea, tokiko jendeentzat. Jadanik kontsumitzaile batzu badira. Nornahik ukan dezake partikular, komertsante, lantegi ttipi... Gehiagoren jakiteko bilkura andana apailatua da. Hazparnen ekainaren 25ean iraganen da, Elgar zentroan (19:00).
Bestalde hara nola ukan daitekeen lan horren berri:
Marie Sallaberry: 06-16-29-97-83edo marie.sallaberry@ekindar.fr.
Daniel Hegoburu: 06-09-71-85-27 edo daniel.hegobur@ekindar.fr.





