Herriz Herri - Irisarri (NB) | 2025eko Ekainaren 19a
Eskubaloia - Pilota
Eskubaloia
Ekainaren 7 eta 8an, departamenduko finalak ziren Irisarriko Airoski gelan. 17 final bi egunez, gaitzeko jendea ibili da, bakotxak bere taldea sustengatuz. 130 laguntzaile Donapaleu eta Irisarritik arizan dira gogotik denen ongi errezebitzeko. Giro ederra izan da, goxotasun eta laguntasun ederrean. Irisarritik bi talde baziren finalean, nesketan, Kanbo/Irisarriko hemezortzi urtez petiko bigarren taldea txapeldun atera da, Bordes-i irabaziz, 28-18. Mutikoetan, hamabortz urtez petikoak txapeldunorde dira, galdu baitute bote batez Bokaleren kontra, 27-28. Orain, sasoinaren bukatzeko, biltzar nagusia finkatua da ekainaren 20an ortziralean (19:30). Denak gomit dira, jokalari, laguntzaile, sustengatzaile eta abar. Ondotik, izanen da zintzurra bustitzeko parada.
Pilota
Finalerdietan
Iparraldeko pilota batzordearen xapelgoan, lehen mailako Etchegaray-Arbeletchek final-laurdenak jokatu eta irabazi dituzte 30-27joan den igandean, Aiherrako plazan. Parean Noizbait-eko Hiribarne-Maitia, eta azken hauek bururaino borrokatu dira. Partida luzea, bi oren eta laurden arizan dira lau pilotariak, sei berdintze, azkena 20tan.Gero, Irisartarrak aitzinean izan dira 23-20, 27-21, 27-26 eta 30-27. Partida gogorra gure bi Julienentzat, eta orain finalerdietan Urruñarrak-eko Elgart-Cigarroa ukanen dituzte parean Baigorriko kantxan. Aupa zuek eta segi aitzina!
Bigarren mailan, Etchevers-Bidartek final zortzirenak jokatu eta irabazi dituzte 30-14 Zaharrer Segiren kontra. Final-laurdenetan, Amikuzeko Amulet-Cazenave ukanen dituzte parean.
Beste bi pareek, Chamalbide-Bidartek eta Muscarditz-Ibañezek kanporaketako bigarren partida jokatu beharko dute. Irabaziz 2. mailan egoiten ahalko dira, galduz 3. mailerat jautsiko liratezke...
Joan den aldian aipatu bezala, herriko plazako esku-huskako lehiaketa abiatu zauku eta arrastirietan bada mugimendu...





