Mundu zabalean | 2025eko Ekainaren 19a
Makur klimatikoak: kalte ekonomikoak
M.O.
Azken denbora hauetan entzuten da munduan zehar makur handiak iragaiten direla. Christian Aid gobernuz kanpoko erakunde britainiarrak txosten bat publikatu du. 2024ko 10 hondamendi klimatiko garestienak zerrendatu ditu.
Kostu handiak
Munduan zehar fenomeno meteorologiko bortitz horietarik nehor ez da baztertua. Bilana ez da hobetuz joan, 2022an hondamendi handienen kostua 168 miliar dolarrekoa bazen, 2024an 230 miliar dolarretara heltzen da. Estimazio horiek, batez ere ondasunen eta azpiegituren galtzetan oinarrituak dira, laborantza ekoizpenen kalteak ez dira kontutan hartuak izan.
Sailkapenean Estatu Batua da lehen agertzen 46 ekaitz suntsitzailerekin, 88 heriotza izan ziren eta 60 miliar dolar baino gehiagoko kalte ekonomikoak. Milton ekaitz-zirimola, Florida gehien hunki zuena, 60 miliar dolarreko kalteekin hondamendien historian garestiena da. Aste batzuk lehenago, Helene ekaitz-zirimolak Georgia, Ipar eta Hego Carolina, Tennessee eta Virginia estatuak suntsitu zituen, baita Mexiko eta Kubako lurraldeak, orotara 55 miliar dolarreko kalteak eraginez.
Hondamendi naturaleri dagokienez, Kanadak 2024an urterik garestiena bizi ukan zuen, harri erauntsi, uholdeak eta oihan sute handiak izan baitziren, orotara 5,6 miliar dolar kostatu zutenak.
Txinak eurite handiak jasan behar ukan zituen, uholdeek Guangdong, Guangxi eta Fujian probintzietako milaka herritarrek lekuak hustu behar ukan zituzten. Yagi tifoiak Filipinak, Laos, Vietnam, Myanmar eta Thailandia kaltetu zituen, 200km/oreneko abiadura gainditu zuten haizeekin, etxeak eta lantegiak suntsitu zituen, desmasiek 12,6 miliar dolar kostatu zuten.
Brasilen, Rio Grande do Sul estatuan uholdeak eta prezipitazio handiak izan ziren. Ekaitzengatik bi milioi pertsona hunkiak izan ziren, horietan 422.000ek lekuak hustu behar ukan zituzten. Etxeen, lantegien eta azpiegituren desmasiek 2 miliar dolar kostatu dituzte. Kasu huntan ere laborantza sektoreari egin kalteak ez dira kontutan hartuak izan, abereak eta laborantza lurrak azkarki hunkiak izan ziren.
Europa ere 2024an ez da hondamendi natural handietatik eskapatu, hiru gertakari garestienen artean Europa Erdialdea suntsitu zuen Boris ekaitzak, Bavariako (Alemania) eta Valentziakoa (Espainia) uholdeak agertzen dira. Hiru hondamendi horien makurrak 4 eta 5 miliar dolarren artean estimatuak izan ziren.
Herrialde pobreek gehien ordaintzen
Herrialde aberatsek hondamendietan galtze ekonomiko handiak jasaiten badituzte ere, herrialde pobreak dira gehienik hunkiak. Hori da Christian Aid-en txostenean agertzen dena. 2024an galtze ekonomiko garrantzitsuak eragin zituzten 10 hondamendi handienak kontutan hartuz, hegoaldeko herrialdeak dira azkarki kaltetuak izan. Horien artean, Filipinetan lur litatzeak, Afrika hegoaldean eta Kolonbian lehorteak, Gazan, Bangladeshen eta Antartikan bero boladak.
2024ko abenduan Chido zikloiak Mayotte eta Mozambikeko iparraldea gogor hunki zituen. 220km/oreneko haize ufadek ehun milaka etxebizitza suntsitu zituzten, zikloiak ehunka pertsona hil zituen.
Klimarekin zerikusia duten hondamendien ondorioek are gehiago pobreak kaltetzen dituzte. Eskualde horietan errekuperatzeko baliabide gutiagorekin, aseguruetarako sarbide ezarekin, zerbitzu publiko mugatuekin eta dirulaguntzarik gabe, egoera gaizkituko da.
Klima aldaketaren fenomeno indartsuagoak
Aitzineko urteeri konparatuz tenperatura 10 graduz goratu dela agertzen da. Berotze klimatikoarengatik hondamendien maiztasuna eta intentsitatea handitzen ari da, batez ere eurite eta haize bortitzak.
Klima aldaketaren eta muturreko fenomeno meteorologikoen emendatzearen arteko lotura frogatua da. Litekeena da, beroketak aitzina jarraitzen badu, gertaera horiek usuago eta bortitzago bihurtzea, eta horrek beste behin ere kalte handiak eraginen ditu, finantzamendu behar handiak beharko dira.
Deus ez egitea: prebentzioa baino garestiago
Christian Aid txostenean irakurtzen ahal da: "Hondamendi naturalen dirutza ekonomikoak argi eta garbi erakusten du ingurumen arloan hobetzeko deus ez egiteak kosta handiagoa duela. Populazioen babesteko inbertitzea garrantzitsua da. Bereziki berotze klimatikoaren geldiarazteko eta hondamendi horien intentsitatea murrizteko neurri politikoak beharrezkoak dira".
"Parisko Akordioen" helburuak arriskuan dira. 2024 urtea lehena izan da nun 1,5°C-ko berotze muga gainditua izan den. Munduko Meteorologia Erakundeak (OMM) klima aldaketaren erritmo frenetikoaren aitzinean alerta ezarria du.





