Herriz Herri - Itsasu (L) | 2025eko Ekainaren 19a

Mixel Itzainaren heriotza

Mixel Itzaina
Mixel%20Itzaina

Joan den ostegunean, ekainaren 12an, zendu da Mixel Itzaina aldudar-itsasuarra, 91 urtetan. Ehorzketa elizkizuna astelehen huntan, ekainaren 16an, iragan da Itsasuko elizan. Ondoko astean emanen dugu karia hortara eman lekukotasun eta bertsoen berri. Neretzat, eta bera baino doi bat gazteago girenentzat, Mixel zen Xalbador-i eta Mixel Labéguerieri oraino lotzen gintuen lokarri biziduna.

"Hitzak, bertsuak eta olerkia" izenburuarekin agertu da iragan otsaileko herri aldizkarian berari buruzko lekukotasun bat. Hauxe da:

"Mixel Itzaina Aldude-Mentan sortua zen 1933an. Gain horietarik atxiki zituen fedea, kantua eta bertsolaritzaren amodioa, Xalbador adiskidearekin.

Aljerian, soldaduen arteko euskarazko berripapera sortu zuen. Mauleko kolegioan irakasle egon eta, 1965ean Kanboko Herriko Etxean sartu zen eta zerbitzuen kargudun bilakatu. Mixel Labéguerie auzapezarekin arizan zen hamabost bat urtez lanean. Bide eta ur zikin isurtze solasen artetik, kopla jartzen ere aritzen ziren biak Herriko Etxeko bulego izkinetan. Errobi herri elkargoaren akuilu izan zen Mixel, Louis Genin eta bertze zonbaitekin. Partzuergo hortarik ziren atera bertzeak bertze Altzuietako lan eremua, Alkiren plantatzea, uren sindikatua.

Hazkurria Kanbotik ateraturik ere, 1969an Murtutsen itzalean ziren ezkondu aldudarra eta Katti Malharin donapaleutarra, hura ere Kanbon zebilena errientsa lanetan. Euskararen alde arizan ziren biak kartsuki, Kattik elebitasuna garatuz eskola giristinoetan, Mixelek bertsu saioak apailatuz 30 bat herritan, aipatu gabe txapelketak, Euskaltzaleen Biltzarra eta hiru liburu.

Itsasuko axuant egon zen Pierre Iharour auzapezaren hiru kargualdietan. Gauzak barnetik zirela kanbiatzen zaukan Mixelek eta herriko konduez gain, gai minberatsuei ere lotu zen bertze zonbaitekin, izan ziten euskal kulturaren aldeko laguntzak edo buhamien kokapena.

Mixel Labéguerieren ehorzketetan, 1980an, Mixel Itzainak hauxe aitortu zion Kanboko medikuari: "Zu, hitzen nagusi bat zinen. Zure meneko zinituen, eta josten eta uztartzen zalointasun berezi batekin". Gauza bera erraiten ahalko zion bere buruari, ikusiz hitz, bertsu eta olerkiek zer leku (ukan) duten bere bizian."

Bestalde, ohorezko euskaltzaina zen Mixel, bertsoak ere moldatu izan ditu Errola izenordearekin, Gazte eta Herria kazetetan idazten parte hartu du urte luzetan.

Katti bere andreari, Xabier, Jon, Xalbat eta Joana bere seme-alaberi, eta haur ttipi guzieri gure dolumin beroenak helarazten dizkiegu astekari hunen bidez.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3791. zbk

Gure Hitza | 2025/06/19

Erresiñola udan da kantari

Peio Jorajuria

Udan sartuko gira, egutegiaren araberakoan bederen. Ekainaren 21a, Rodolforen besta eguna ekartzen dute erdal egutegiek. Germaniar izen misteriotsu horrek "otso" hitza dakar bere baitan (wholf). Guk nahiago ditugu euskal egutegiek dakartzaten Uda eta Udane izenak. Gureak ditugu. Udako solztizio eguna dugu gainera ekainaren 21 hori, urteko egun luzeena, ondorioz Jondoni Joaneko suak piztuko direla herri eta mendietan, udako argitasun berriaren seinale. Eta musikaren besta ere ospatuko da, uda giroan suharki sartzeko.

Hain zuzen, herriko bestak biderkatuko zaizkigu hemendik aitzina, festibalak halaber, lehen lehenik Euskal Herria Zuzenean (EHZ) Arberatze-Zilhekoan. Gazteek bereziki gogotik edaten dute iturri berri horietatik. Guk, adin zohituagokoek, ur freskoari uko egin gabe, iturriko ur zaharretik ere edatea maite dugu, ez nostalgiaz baina atsegin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016