Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Ekainaren 19a
Txomin Ibarburu oroituz - Odei Barrosoren disko berria - Urruñar bat Berriaren administrazio kontseiluan - Urruñarrak Kantuz - Adixkideak elkartearen besta - Ongi izateari buruzko saloia - Xaiako kantu tailerra - Patata tortilen lehiaketa - Margolan erakusketa Postan
Txomin Ibarburu oroituz
2023ko abenduaren 10eko gauean, auto istripuz zendu zen Txomin Ibarburu 24 urteko gazte urruñarra oroitu nahian, bere adiskideek, bigarren urtez, omenezko ekitaldiak antolatu zituzten hilaren 14an, larunbatarekin. Goizez errugbi partidak, herri bazkaria eguerdiz, eta larrabehiak arratsaldez. Jende anitz hurbildu zen bai bazkarira eta baita aipatu kirol emankizunetara ere.
Odei Barrosoren disko berria
Odei Barroso rap-kantari urruñarrak "Goizegi hiltzeko" izeneko disko berria plazaratu eta saldu zuen Ziburuko Liburu eta Disko Azokan. Hau da bere bigarren lan luzea, hamabost abestiz osatua, eta Urruñako Maitakultura musika zigilu urruñarraren bidez plazaratua. Euskal Herrian leku ttikia duen genero honetan bere hondar ale berria uztera itzuli zaigu Odei.
Urruñar bat Berriaren administrazio kontseiluan
Maiatzaren 31n egin zuten Berria euskarazko egunkariaren akziodunen batzarra, eta bertan, administrazio kontseiluan eta erredakzio taldean zenbait aldaketa iragarri zituzten. Administrazio kontseiluan hamaika partaide izanen dira, horien artean, Haizpea Abrisketa urruñarra.
Urruñarrak Kantuz
Xerar Urrutia Jorajuria, Dabid Gutierrez Lertxundi eta Garazi Cristobal Azkarate urruñar musikariek bi kantu berri grabatu dituzte, jadanik Interneten entzun daitezkeenak. Xerar eta Garazi ditugu kantari, Dabid gitarra-jole eta Garazi arrabitari. Lehen kantuak "Ekia denean" izena du(https://artists.landr.com/990591409064) eta bigarrenak "Telma eta Luixa" (https://artists.landr.com/990591409200). Biak eder-ederrak, zinez.
Adixkideak elkartearen besta
Hilaren 7an, 14an eta 15ean, Adixkideak elkarteak urtero antolatzen duen besta ospatu zuen, jende anitz erakarriz. Elkarteak era guzietako ekimenak antolatzen ditu, eta eskertzekoa da bere lana. Hori bai, euskararen aldetik maingu jarraitzen dute, propagandazko afixa guziak erdara hutsez egiten segitzen baitute. Euskaraz ere eginen bazenute urruñar euskaldunek bihotzez eskertuko lizuekete.
Ongi izateari buruzko saloia
Hilaren 21ean eta 22an, Zokoa auzoko kiroldegian. Sartzea: euro 1. Antolatzailea: Bihotzaren Lagunak. Jorratuko diren gaiak: masajeak, erreflexologia, konfesiologia, litoterapia, kartomantzia, tarologia, numerologia, mediumak, pertsona garapena, aromaterapia, pendulua eta geobiologia. Informazioa: 06-15-29-25-23.
Xaiako kantu tailerra
Urte oroz, kantu tailerra antolatzen dute Pausuko Xaia ostatuan, urritik ekainera irauten duena, hamabostean behin, arratsean eta asteazkenarekin.
Ekainaren 18an bukatu zen aurtengoa, biziki arrakastatsua izan dena, bataz beste, aipatu egunetan 80 bat lagun bildu egiten baitziren elkarrekin euskaraz kantatzeko.Kantatzen duen herria gira.
Patata tortilen lehiaketa
Hilaren 21ean, larunbatarekin, goizean eta herriko plazan. Antolatzailea: Hazia elkartea.
Margolan erakusketa Postan
Hilaren 10etiketa 27ra bitarte, erakusgai izanen da Posta gelan, Selarua atelierraren margolan erakusketa ederra. Bisitatzeko tenorea: 15:30-18:30.











