Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Ekainaren 19a
Herriko kontseiluan - Eskola garraioetan izen emaiteak - Lehengo Aiherra
Herriko kontseiluan
Joan den ekainaren 6an bildu zen herriko kontseilua. Hamabost hautetsiek parte hartu zuten. Huna bilkuran hartu erabaki garrantzitsuenen berri:
- Aiherrako gainetako ibilaldi berriaren proposamena onartzea: ibilaldi hau herri erditik abiatuz ondoko gune hauetarik pasa liteke: Etxexuriko bidea, Manexeneko borda, Mentaxiloko bidea, Xapitalbordako bidea, Londaitzborda gunea, Altzieta gunea, Salaberribordako bidea, Bidartekobordatik eta Notarianea ondotik pasatuz, herriko plaza ondora. Bide seinaleak ezarriko dira, eta ibilbide berri honentzat izen bat atzeman beharko da.
- Artxiboak: Herriko Etxeko Artxiboen gelan, mila paper metaturik badaude, batzu zonbeit ehun urtetakoak, herriaren istorioaren eta ibilbidearen lekuko... Herriko Etxearen nahikaria baita dokumentuen bereixtea eta sailkatzea, lan horretan ari dira Maite Mongabure eta Maite Oxarango bi herritar andereak, miatzen, irakurtzen, sailkatzen, batzutan gauza interesgarriak deskubrituz ere. CDG Departamenduko herrien kudeantza etxeak laguntza ekartzen ahal baitu xantier handi huntan, Aiherrako Herriko Etxeak hitzarmena izenpetuko du erakunde hunekin, jakinez laguntzaile aditu horiek urte baten buruan baizik ez direla gure herrira etorriko.
- Xixta eta Bordalandako zubien diruztatze plana onartzea: Xixtako zubiari dagokionez, Hazparnek obra horien 10.010€-ren kostua beregain hartuko du, eta Aiherrak 14.770€-rena. Bordalandako zubiarentzat, herriarengain izanen den obren kostua 13.385€-ren heinekoa da.
- Bilkura hondarreko orotariko gaiak: herriko pesten kari, Herriko Etxeak zintzur bustitzea eskainiko du, usaia onari jarraikiz, igande eguerditan, herriko plazako karpa handiaren azpian. Beltzagiteko apartamendua Uxue Elosegi Martinon herritar gazteari alokatuko zaio (hau zozketa bidez hautatua izan da). Uztailaren 12an, Iparraldeko Pilota Batzordeak antolatu pilota txapelketaren gazteen finalak Aiherrako plazan iraganen dira. Herriko Etxeak krakadañoa eskainiko die pilota arduradunei eta pilotariei. "Arberoako ostiralak" deitu udako animazioei dagokienez, uztailaren 25ean larunbatarekin, Abarratia pilota elkarteak antolatuko du animazioa pilota plazan, eta agorrilaren 22an, besta komiteak oinezko ibilaldi animatua, Abarratia kaskoan. Ekindar elkarteak, bilkura publikoa antolatuko du ekainaren 27an, Denen Etxeko gelan (19:00).
Eskola garraioetan izen emaiteak
Eskola garraioetako izen emaiteak 2025/2026 sartzearendako www.txiktxak.fr loturaren bidez egin behar dira ekainaren 2a eta agorrilaren 2a bitartean. Eskola garraioetan izena emaitea baitezpadakoa da!
Lehengo Aiherra
Herritar batek argazki xahar hau helarazirik, hemen ikusten dira lehen lerroan Iturraldia, Pozulia eta Beltzuntzeko eihera etxeak, bai eta bidearen eskuinaldean (Izturitzetik Aiherrarako bidea) desagertua edo bidearen largatzeko aurtiki zituzten bi etxe: Pitzundea edo Xobatenea eta Xarrotegia. Bidearen ezkerraldean den etxea Apeztegia da, 1958an aurtiki zutena. Gorago Beltzuntze gaztelua eta haren ezkerraldean gazteluko zalditegia, hau ere geroztik desagertua. Argazki hau 1938an edo 1939an hartu zuen orduan Berreta etxearen jabe zen Bily familiako nagusi xaharrak.











