Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Ekainaren 19a
Heriotze - Bi ezkontza - Harri pikorrak - Bestaberri
Heriotze
Mayi Marisco, sortzez Borda, zendu zaigu 93 urtetan. Aritzakungo Itsusikobordan sortua zen. Bederatzi haurridetarik zortzigarrena zen. Aritzakungo eskolan ibili ondoan, gazterik abiatu zen lanean, 12 urtetan, Erripan haurtzain. 26 urtetan ezkondu zen Urritzateko Bidegorrietako Koxe Mari Mariscorekin eta Bidarrain kokatu ziren. Seme bat ukan zuten, Jean-Pierre. Mayi bizi osan ari izan da lanean, herriko ostatuetan, Lurden sasoinak egiten, Marienean Kanbon. Denen erranetan, emazte zinez langilea zen Mayi. Erretretara heldurik, Kattalin, Graxi eta Aña hiru alaba ttipiez atseginez okupatu da, eta sei arra-haur ttipiren ondoan egoiteko zoriona ere ukan du. 2020an galdu zuen Koxe Mari senarra, 89 urtetan, eta 2021ean Itsusikobordako bere azken haurridea. Astelehenean egin zaio Mayiri azken agurra gure herriko elizan. Gure atxikimendu osoa adierazten diegu Jean-Pierre eta Monique seme-erraineri eta hauen familia osoari.
Bi ezkontza
Azken aste horietan bi ezkontza ospatu dira Herriko Etxean.
Olhaberria lotizamenduko Lou Ana Isabelle Braz ezkondu da Alexandre Mbandou Nsakala futbolari profesionalarekin. 25 urteko gizon gazte hau Essonne eskualdekoa da sortzez (Parise aldean) eta Suitzan ari da futbolean. Genevan bizi da eta pentsatzekoa da bikotea han kokatu dela.
Ganixeneko Baptiste Mercader, bere aldetik, ezkondu da Margaux Touchet andere gaztearekin. Hau anbulantzia gidaria da, Baptiste aldiz hargina, eta bikotea Hazparnen bizi da. Bi bikoteek bizi urosa eraman dezatela.
Harri pikorrak
Aspaldixkoan ez zuten harri pikorrek gure herria joa. Bainan oraingoan eskapurik ez. Joan den ortzirale arratsean alimaleko barazuza pikorrek gure bazterrak zafratu dituzte, han-hemenka makurrak eginez, baratze, mahasti, autoetan... Zinez itsusia zen!
Bestaberri
Azken urte hauetan gazteriak ez badu Bestaberririk ospatu gure herrian, aurten haatik gazteak Bestaberriko jantzietan berriz ikusiko dira Otabaz, ekainaren 29an, igandez (10:30). Karia hortara, Bestaberriko jantzien erakusketa iraganen da Artetxea gelan, ekainaren 21etik 29ra, deneri idekia.











