Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Ekainaren 19a
Besten idekitzeko hitzaldia euskaraz - Asteburuan Errotaren besta - Dantza tailerra igandean - Besta Berri igandean
Besten idekitzeko hitzaldia euskaraz
Lapurdi 1609 elkartearen ekimenez, ekainaren 26an, (18:00) mediatekan, Jon Abril Berako kazetari dokumentalista etorriko zaigu, iragan garaietako "neskatoak" emazte eta neskez mintzatzera. Izan ere "isildutako esku" horiek izigarriko bete-behar ekonomiko eta soziala bete zuten. Ondotik trukaketa publikoarekin, segitzen ahalko dena mahain inguruan. Sartzea urririk. Datorren astean bestetako programa osoa.
Asteburuan Errotaren besta
Ekainaren 20 eta 21ean, Ondare eta Erroten besta izanik, Joanes Etcheverryk gomitatzen gaitu bere "Akerretako" errotaren bisitatzera. Ez da aski azpimarratzen, mendez-mende zoin beharrezkoak izan diren eiherak biztanleria gosetetik gerizatzeko, ogi edo artoa irinduz.Joanes-ek, usaia duen bezala aztertuko du errotaren mekanismo guzia, xehetasun ttipienak ere azalduz. Bisitaren ondotik, gozatzen ahalko da sagarno, garagardo, euskal pastiza edo taloekin, etorri lasai.
Dantza tailerra igandean
Ekainaren 22an (17:30), Larreko kulturgunean, Amandine Mano eta Cyril Griset-ek kudeatzen duten"GM Danse" tailerra, urte hondarreko ikusgarria aurkezten dute. Bi partetan iraganen da, lehenik "mystère à Venise" kontakizunari doazkion koreografiarekin, bigarren partean aldiz nerabe eta helduen taldeek antolaturiko "contempodern" koreografia. Dantza eskola huntako ikasleen txalotzera hurbil zaitezte goxoki, ongi merezi dutelakoz!
Besta Berri igandean
Ekainaren 22an (10:00) Eukaristiaren besta ongi ospatzeko, parropia guzia bilduko da Senpereko elizan. Saratar, azkaindar eta senpertarren meza bakarra izanen da, hunek ateak zabalduko ditu ohiko desfileari.Musikari, dantzari eta kantariek animatuko dute ongi loreztatua den zeremonia. Urtero indar berezia egina izaiten da bereziki gazteenganik, aurten ere kartsutasuna eta besta giroa nagusi ikusiko ditugu.











