Azalekoa | 2026ko Maiatzaren 28a

Beskoitze, ikastola berriaren atarian

A.E.

Ikastola berriaren eraikitzea
Ikastola%20berriaren%20eraikitzea

Borroka luze baten ondotik, Beskoitzek ikastola berria ukanen du negu huntan, egungo ikastolatik eraikitze lanak ikusten ahal direla. Haur eta helduak gogo handiz prefabrikatuetatik lau paretaz inguraturiko ikastolara salto egitea goaitatzen dute. Horren inguruan mintzatzeko, ikastolako buraso eta irailetik zuzendaria den Lea Machinandiarenarekin elkartu gira.

Ikastolaren ibilbidea

Buraso talde batek bultzaturik, 2013an sortua izan zen Beskoitzeko ikastola, Xabi Irigoien lehen lehendakari eta burasoaren etxean. Hastapenean lau ikasle izan ziren, inguruetako herrietatik jinak.

Gaur egun, Bardoze, Ahurti, Urketa, Lehuntze, Mugerre, Hazparne (pilota plaza auzoaldea) eta Beskoitzeko 48 haur zenbatzen dira. 2013tik ikasleek prefabrikatuetan ikasten dute.

Ikastolako bizitzan, burasoek toki garrantzitsua dute, beren ideiak, gaitasunak eta energia ekartzen baitituzte eguneroko proiektu eta ekimenetara.

Hezkuntza taldeak urtean zehar hainbat proiektu proposatzen ditu, besteak beste Olentzero, ihauteriak, Korrika, bertso txiki edota pantailarik gabeko 10 egunak, eskolako bizia aberasteko eta familien arteko loturak indartzeko xedearekin.

Ikastolaren baloretan da elkarrekin bizitzea. Hain zuzen ere, ttipi eta handiek aire hartzeak, ateraldiak edota tailerrak elkarrekin partekatzen dituzte. Horri esker, loturak eta elkarlana sustatzen dira, ttipienei beren lekua aurkitzea lagunduz, handienek laguntza, ardura eta besteei kasu egitea ikasten dutenean. Bestalde, ikasleen arteko tutoretza sistemaren bidez, konfiantza sortzea eta euskararen eguneroko erabilera indartzea ahalbidetua da. Bi astetarik behin biltzar nagusiak antolatzen dira, ikasleen hitzari tokia uzteko, ideiak partekatzeko, zailtasunez edota iritziez mintzatzeko, baita hautu batzuetan parte hartzeko ere.

Urte bukaera markatzeko, Arantzara egonaldia antolatua izanen da, Hego Euskal Herrira. Horrez gain, ekainaren 21ean Urketan urteroko ibilaldia eta 10 kilometroko lasterka arrakastatsua antolatuko dute, Ardanabiaren inguruan.

Salto berri baten atarian

Garaian Herriko Etxearekin gatazkak eta gorabeherak bizi ondoan, ikastola berriak bere ateak 2027ko urtarrilean idekiko ditu, 13 urtez prefabrikatuetan arizan ondoren.

Ikastola berriaren inguruko gogoeta eta eraikuntza proiektua buraso, hezkuntza taldeko kide, langile eta irakasleen artean partekatua izan da.

Finantzamenduari dagokionez, besteak beste 2024ko Herri Urratseko etekinak proiektu hunen alde joan ziren.

Ikastolako burasoek azaldu dutenez, ikastola berri horrek ikasleen beharrei hobeki erantzutea ahalbidetuko die, eguneroko proiektuak baldintza onetan segi dezan. Elkarrekin bizitzea, proiektu partekatuak eta komunitatearen indarra azkartzeko tresna izatea da helburua.

Egun, enpresak eraikuntza lanetan ari dira, baina baita ikastolako buraso guziak ere, tindaketa lanetan parte hartzen edota bukatze lanetan.

Informazio gehigarriak

Jakinarazia izan da ikastola berria integratzeko tokiak gelditzen direla. Ikastolako talde pedagogikoa eta hezkuntza batzordeko kideak prest agertu dira buraso berrien galderei erantzuteko, baita hitzordu baten hartzeko proiektu pedagogikoaren inguruan solastatzeko. Horretarako, harremanetan sar daiteke beskoitzeko.ikastola@gmail.com helbidearen bitartez, edo 05-59-45-25-76 zenbakira deituz.

Ikastolak beskoitzeko-ikastola.eus webgunea badu.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3836. zbk

Gure Hitza | 2026/05/28

Gazteak eta gu

Jean-Louis Harignordoquy


Ahetzeko Mattin Treku bertsulariari norbaitek galdatu zion: “beti azkarrean?”. Ditxolariak zirt-zart hauxe ihardetsi zion: “adina bizkarrean!”. Aheztar errexiñoletak azken denborak arte atxiki zituen bere gaztaroko umorea, pindarra eta irri eginarazteko gogo bizia.

Jende gazteak badauzka aise ikasteko gaitasuna, bere ahal guzien eta gorputzeko indarren neurtzeko gutizia. Zuzen den bezala, bere ogibideari, bizitzako helburueri eta ametsen obratzeari maiz pentsatzen du. Gure belaunaldikoen eta gazteen artean ezberdintasunak izan ditaizke: ofizioak, afizioak, ohidurak, ausagailuak, atxikimendu motak, bertzeekin harremanetan sartzeko eta egoiteko moldeak. Halere, ongi da jende gazteek adin gehiago dutenekin harremanak ukaitea; alderantziz halaber. Ez da gutiestekoa gurutzamendu horiei esker gazteek ukaitea iraganaren berri, haien jakitatea aberastea, gazteek laguntzea zaharragoen izpiritua gazte atxikitzen. Zonbait aldiz, bitarteko...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016